Vikidiatik

Adimen artifizial

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Fitxategi:Inteligencia Artificial.jpg
Gizaki itxurako robot bat

Adimen artifiziala ordenagailu programa edo makina batek pentsatzeko eta ikasteko duen trebetasuna da.

Adimena, berez, ikasteko eta egoera berriei aurre egiteko gaitasuna da. Ordenagailu edo robot batek arazo bat konpontzen duenean edo hizkuntza erabiltzen duenean, adimentsua dela dirudi. Adimen mota hori, ordea, giza adimenetik ezberdina da, ez delako naturala, artifiziala baizik.

Zer da adimena?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialariek 50 urte baino gehiago eman dituzte adimen artifiziala duen makina bat egiten saiatzen, giza adimenera hurbiltzen. Duela gutxira arte ez dute lortu; arrazoi bat da adimenak erabakiak hartzeko eta zereginak egiteko modu asko erabiltzen dituela. Zientzialariek lortu dute ordenagailuek gauza horietako batzuk egitea, baina ez beste batzuk.

Zientzialariek argitu behar izan duten lehen gauza giza adimena zer den jakitea da. Behin ulertu eta gero, zientzialariak adimen hori "kopiatzen" saia daitezke. Gizakien antzera "pentsa" dezaketen ordenagailuak sortzea da Adimen Artifizialaren helburua.

Ordenagailuen adimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adimen Artifizialaren (AA) oinarrian, informatikariek idazten dituen jarraibide edo agindu multzo batzuk daude. Jarraibide edo agindu horiei programa informatiko esaten zaie. Ordenagailuek informazio-kopuru handiak azkar aztertzeko edo analizatzeko programak erabiltzen dituzte. Gero, erantzun edo ekintza bat hautatzen dute, halako aukera posible batzuen artetik. Programa informatikoak helburu askotarako erabil daitezke: jolasteko, erabaki medikoak hartzeko, hizkuntzak itzultzeko, eta abar, eta ordenagailuak diseinatzeko ere bai.

Baina informazioa aztertzea ezin da konparatu gizakiek arazo bat ulertzeko egiten dutenarekin. Ordenagailuek logika baino ezin dute erabili arazoak konpontzeko. Gizakiek, berriz, logikaz gain, trebetasun asko eta bestelako bide batzuk erabiltzen dituzte erabakiak hartzerakoan; adibidez, irudimena, kontzientzia, emozioa eta balioak. Eta trebetasun horiek oraindik inork ez daki ordenagailu batean programatzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950ean, Alan Turing izeneko matematikari britainiar batek idatzitako lan batekin hasi zen AAren azterketa. Turingek proba bat egin zuen ordenagailu bat adimentsua ote den erabakitzeko. Giza epaile batek ordenagailu bat erabiliz egiten ditu galderak. Galderak ezkutuan dagoen pertsona batengana doaz, eta ordenagailu batengana aldi berean. Bai pertsonak bai ordenagailuak galderei erantzuten diete. Epailea saiatzen da esaten zer erantzun datozen ordenagailutik eta zeintzuk pertsonarengandik. Epaileak ezin baditu bereizi, ordenagailua adimentsua da. Orain arte ordenagailurik ez da egon proba pasatzetik gertu. Proba hau orain "Turing proba" izenaz ezagutzen da.