Amazonas (ibaia)

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Amazonas ibaia, bere arroarekin.

Amazonas Hego Amerikako ibairik luzeena da; aditu batzuen arabera, munduko ibairik luzeena ere bada. Luzean, 6.400 kilometro ditu. Andeetan du sorburua, Perun, eta, milaka ibai txikiagoren ura jaso ondoren, ozeano Atlantikoan itsasoratzen da, Brasilen.

Hainbeste ibairen ura jasotzen duenez, munduan ur gehien duen ibaia da (hori esan nahi da munduko ibairik emaritsuena dela esaten denean).

Amazonas ibaiak eta haren ibaiadarrek (ibai nagusiari ura ematen dioten ibai txikiagoek) okupatzen duten lurraldeari "Amazonasen arroa" deitzen zaio. Oso lurralde laua da, klima tropikal beroarekin. Hego Amerikako oihan tropikalaren zati handi bat Amazonasen arroan dago, hain zuzen ere.

Amazonas izena Orellana esploratzaile espainiarrak eman zion, 1540. urtearen inguruan, ile luzea zuten indigenen aurka ibaiaren ertzean borrokatu zelako; indigena horiek amazonekin konparatu zituen, Antzinako Greziako emakume gerlariekin, alegia.

Europarrak Amazonas inguruetara iritsi zirenean, zurrumurruak entzun zituzten oihanean omen zegoen urrezko hiri bati buruz; "El dorado" izena eman zioten ustezko hiriari. Asko abiatu ziren hiri haren bila, baina holakorik ez dute inoiz aurkitu.

Amazonas arroan dagoen hiririk handiena Manaus da. Aspaldiko garaietan, inguruetan lortzen zen kautxuagatik zen ezaguna. Kautxua zuhaitz batetik ateratzen den zuku bat da, besteak beste autoen gurpiletako pneumatikoak egiteko erabiltzen dena; ur-botak, zirak, txikleak eta beste gauza batzuk egiteko ere erabiltzen da.

Amazonas ingurua arriskuan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amazonas inguruetan, natura arriskuan dago gaur egun. Batetik, azken urteetan oihanaren zati asko suntsitu ditu gizakiak, lurra lantzeko edo abereak hazteko. Zur baliotsua duten zuhaitzak ere ebakitzen dituzte. Guztiaren ondorioz, animalia askoren habitatak ia erabat desagertu dira.

Beste arazo bat urrea bilatzen duten pertsonak dira. Urre-bilatzaileek merkurioa erabiltzen dute horretarako, toxikoa den metal astun bat. Merkurioak ura kutsatzen duenez, arrain asko eta beste animalia berezi batzuk (ibai-izurde bat eta manatia) desagertzeko arrisku larrian daude.