Anatomia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Besoaren ikerketa anatomikoa, Leonardo da Vincirena.

Anatomia biologia izeneko zientziaren adar bat da, izaki bizidunen egitura eta antolaketa ikertzen dituena. Beraz, anatomia izaki bizidun guztiez arduratzen denez, badugu giza anatomia, animalien anatomia eta landareen anatomia.

Giza anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guretzat, giza anatomia da gehien interesatzen zaiguna, eta hainbat ikuspuntutatik begira daiteke; adibidez, Medikuntzaren ikuspegitik begiratuta, giza anatomiak giza gorputzaren osagai desberdinen berri ematen digu: organoak, haien egitura, kokapena, tamaina eta haien arteko harremanak.

Giza gorputza oso konplexua da, eta, horregatik, anatomiaz arduratzen diren adituek urte luzetako prestakuntza behar izaten dute xehetasun guztiez jabetzeko; haietako asko giza gorputzaren zenbait zatitan espezializatzen dira, hala nola burmuina, bihotza, etab., baina beti ere gainontzeko organo guztiei buruzko jakintza-maila handia izanik.

Anatomiaren atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anatomia bi atal nagusitan bana daiteke:

  • Anatomia makroskopikoa: kasu honetan, egitura anatomikoak begi hutsez aztertu eta deskribatu daitezke.
  • Anatomia mikroskopikoa: beste honetan, mikroskopioaren laguntza behar da egitura anatomikoak aztertu eta deskribatzeko; hemen sartzen dira, adibidez, histologia (hau da, ehunen antolaketaren azterketa) eta zitologia (hots, zelulen azterketa).

Anatomiak historia luzea du: II. mendean, Galeno izeneko mediku batek egin zituen gorputzari buruzko lehen ikerketak. Geroztik, azterketa anatomikoetarako erabilitako metodoak nabarmen hobetu dira: garai batean, hildako animaliak eta gizakiak disekzionatzen ziren (gorputza ireki, barrukoa agerian uzteko) haien organoak ezagutu eta ikertzkeo. Gaur egun, berriz, oso tresna ahaltsuak dauzkagu horretarako; adibidez, X izpiak eta erresonantzia magnetikoa.

Anatomia patologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anatomia ez da anatomia patologikoarekin nahastu behar. Azken honek organo kaltetu edo gaixotuak aztertzen ditu, beti ere gaixotasun edo kalteen diagnostikoa egiteko. Patologo izena ematen zaie arlo honetan diharduten adituei.