Vikidiatik

Andeak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Andeak mendikatearen mapa.

Andeak munduko mendikaterik luzeena da; Hego Amerika osoa zeharkatzen du, Venezuelatik eta Kolonbiatik hasita, Argentinako eta Txileko hegoalderaino. 7.000 km inguru ditu mutur batetik bestera, baina nahiko estua da, gehienez ere, 320 km zabal ditu.

Andeetan, Amerikako kontinente osoko mendi garaienak aurkitzen dira; mendirik altuena Aconcagua izenekoa da, ia 7.000 m-ko garaierarekin.

Andeetako ipar-mendebaldean jaiotzen diren ibaietako batzuk Amazonas ibaiaren ibaiadarrak dira.

Andeak Triasikoan eta Jurasikoan zehar hasi ziren eratzen, orain dela 200 milioi urte inguru, Pangea izeneko superkontinentea apurtzen hasi zenean. Kretazeoan zehar, plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioz, Andeak gaur egun duten forma hartzen hasi ziren; hain zuzen, Ozeano Barearen azpian dagoen lurrazala Hego Amerikako plaka kontinentalaren azpian sartu delako milioika urtetan zehar.

Andeetan bizi izan ziren lehen gizakiak orain dela 10.000 urte inguru iritsi ziren. Herri amerindiar batzuek, horien artean inkek, hiriak eraiki zituzten haran garaietan eta errepideak egin zituzten mendietan zehar. Egungo bertako biztanle asko herri amerindiar horien ondorengoak dira.

Jarduera ekonomiko nagusiak nekazaritza eta meatzaritza dira.