Vikidiatik

Angry Birds

Nabigaziora joan Bilaketara joan

Angry Birds bideojolas bat da, Rovio izeneko konpainia finlandiarrak 2009an sortua, telefono eta bestelako gailu mugikorretarako bereziki. Historian gailu mugikorretarako gehien saldutako bideojolasa da: 2012an, adibidez, mila milioi deskarga izan zituen. Halako ospea irabazita, konpainia berehala hasi zen haietan oinarritutako era guztietako salgaiak plazaratzen. 2016an, film bat egin zen jolas honetan oinarrituta, eta 2019an haren jarraipena, "Angry Birds 2".

Jolasak hainbat bertsio desberdin ditu: Angry Birds, Angry Birds Rio, Angry Birds Seasons, Angry Birds Space, Angry Birds Friends, Bad Piggies, Angry Birds Star Wars, Angry Birds Stella Angry Birds Space, Angry Birds Star Wars II, Angry Birds Stella Pop, Angry Birds Evolution, Angry Birds 2...

Nola jolasten da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jolas honetan, erabiltzaileak tiragoma bat erabiltzen du kolore desberdineko txoriak jaurti eta txerri berdeak akabatzeko. Txerriak, ordea, halako egitura edo eraikuntza moduko batzuetan babestuta egoten dira, eta, beraz, txerriak akabatzeko, egitura edo eraikuntza horiek ere suntsitu behar dira. Horren ondoren igarotzen da beste maila batera. Txerriak txorien etsaiak dira, arrautzak lapurtu nahi dizkietelako; eta txoriek txerriak akabatu behar dituzte beren arrautzak berreskuratu ahal izateko.

Txori eta txerri desberdinak agertzen dira jolasean:

Txoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori pertsonaia nagusiak honako hauek dira:

  • Txori gorria (Red Bird): ez du botererik, gerrako garrasiak egiten ditu eta ona da txerriak lehertzen.
  • Txori urdina (The Blues): hiru txori txikiagotan zatikatzen da; egokia da kristalak apurtzeko.
  • Txori horia (Chuck): ukitzean, bizkorrago eta indartsuago erasotzen du; egokia da egurra hausteko.
  • Txori beltza (Bomb): ukitzean eztanda egiten du; egokia da harrizko egiturak suntsitzeko.
  • Txori zuria (Matilda): arrautza lehergarri bat jaurtitzen du, ukitzean lehertu egiten dena; egokia da egurra eta harria apurtzeko.
  • Txori berdea (Hal): boomerang bat bezala itzultzen da atzera ukitzen denean; egokia da egurra eta kristala hausteko.
  • Txori gorri potoloa (Terence): Ez du ezer berezirik egiten ukitzean, baina gauza gehienak suntsitzen ditu bere tamainari esker.
  • Txori laranja (Bubbles): ukitzean edo jomugara iritsi ondoren puztu egiten da eta eztanda egiten du gero; egokia da egurraren aurka.
  • Txori arrosa (Stella): ukitzean, burbuilak egiten ditu eta blokeak eta txerriak altxatzen ditu airera.
  • Arranoa (Mighty Eagle): sardinak jaurti behar dira lehenago; gero, Arrano erraldoia azkar agertu eta dena suntsitzen duen lurrikara bat eragiten du. Erabilera mugatua du.

Txerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerri pertsonaia batzuk ere desberdinak dira: batzuk txikiak dira, beste batzuk handiak, eta beste batzuek bitartekoak; gainera, batzuek kaskoak dituzte eta zailagoak dira akabatzeko:

  • Erregina zaila da akabatzen.
  • Txerri bibotedunak ahulagoak dira.
  • Kaskodun txerriak erdibidean daude.
  • Txerri potoloak, eratinak eta txikiak ahulak dira.