Vikidiatik

Apatosaurus

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Apatosaurus baten ustezko itxura.

Apatosaurusa Jurasikoaren bukaera aldean Ipar Amerikan bizi izandako dinosauro erraldoi bat zen, bost elefantek adina pisatzen zuena. Apatosaurus izenak “musker engainagarria” esan nahi du. Lehen, brontosaurus izena ematen zitzaion, “trumoiaren muskerra” esan nahi duen izena, hain zuzen ere. Apatosaurusa sauropoda delako dinosauro-taldeko kide bat da; Braquiosaurusa ere dinosauro-talde horren barruan dago. Sauropodoak dinosauro handi eta belarjaleak ziren, eta lepo luzea, gorputz erraldoia eta zutabe formako lau hanka zituzten. Apatosaurusa orain dela 147 eta 137 milioi urte artean bizi izan zen; fosil gehienak Estatu Batuetan aurkitu dituzte, Wyoming, Utah, Oklahoma eta Coloradon, bereziki.

Nolakoa zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apatosaurusa inoizko animalia lehortar handienetako bat izan zen. 21 metro luze izatera iristen zen, 30 eta 36 tona artean pisatzen zuen eta aldaken aldean 4,6 metro altu zen. Lepo eta isats oso luzeak ere bazituen, eta lau hanketan ibiltzen zen. Haren oin handietan atzaparrak zituen. Buru txikia zuen, zaldiaren buruaren antzekoa, eta iltze formako hortz luzeak.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apatosaurusa zuhaitz eta landareen hosto eta orratzez elikatzen zen. Bere lepo luzeari esker 10,6 metro arteko altuera zuten zuhaitzetara heltzen zen. Harri txikiak irensten zituen, landareak urdailean ehotzen laguntzeko. Segur aski apatosaurusa taldeka bizi eta mugitzen zen. Beste dinosauro batzuk bezala, errulea zen, hau da, arrautzak jarriz ugaltzen zen.