Barbaro

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Barbaroak Erroman sartzen. 1887ko margolana.

Barbaro hitza antzinako erromatarrek erabiltzen zuten inperiotik kanpo bizi ziren herriak deitzeko; mespretxuzko hitza zen, iraingarria. Latinez, barbarus hitzak "arrotza" edota "beste hizkuntza bat hitz egiten duena" esan nahi zuen; baina erromatarrek greziarrengandik hartu zuten hitza. Greziarrentzat ere, barbaroak hizkuntza ulertezina hitz egiten zuen jendea zen.

Inperioaren garaian, erromatarrek uste zuten haien mugetatik kanpo zeuden herri guztiak arriskutsuak eta basatiak zirela, kultura gabekoak, eta haien lurretara joatea arriskutsua zela, soldaduen laguntzarik gabe. Horregatik, iritzi horren eraginez, pertsona basati edo ankerrak deskribatzeko erabiltzen da hitz hori hizkuntza askotan.

Hainbat mende geroago, XVI. mendetik aurrera, Afrika iparraldeko herriei ezarri zitzaien izena, eta hortik datoz "berberiar" hitza (Maroko, Aljeria, Tunisia eta Libiako kostaldea izendatzeko erabilia) edota berbere etniaren izena.

Barbaroak Historian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioa 476. urtean barbaroen inbasioengatik erori eta orduan Erdi Aroa hasi zela esaten da. Berez, inperioaren indar militarra desagertu zenean, Europa iparraldeko hainbat herrik erromatarren atzerakada aprobetxatu zuten hegoaldeko lurretara emigratzeko. Batzuk modu baketsuan etorri ziren, baina beste batzuk, aldiz, bidean topatzen zuten guztia suntsituz eta lapurtuz.

Lehen garai batean, tribu germaniar asko banatu ziren Europa osotik: suebiarrak, bandaloak, alanoak, saxoiak, bisigodoak, frankoak eta lonbardiarrak.

Gero, 370. urtetik aurrera, Asia erdialdetik etorritako tribu batek, hunoak, Europako ekialdeari eraso zion, eta tribu germaniarrak mendebalderantz eta hegoalderantz ihesi atera ziren. Hunoek, Atila izeneko buruzagi ospetsu batek gidatuta, Galiaraino sartu ziren, gaur egungo Frantzia eta Italia iparralderaino; lurralde hori, garai hartan, erromatar inperioaren barruan zegoen. Baina Atila hil zenean, hunoak erretiratu egin ziren.

Ondoren, godoek italiar penintsula inbaditu zuten eta 410. urtean Erroma konkistatu zuten. Bestalde, bandalo izeneko tribuak, 429tik aurrera, Galia eta Hispaniara sartu ziren eta Afrikako iparraldea inbaditu zuten; erromatar inperioko probintzia haiek menderatu eta haien erreinu edo erresuma bat ezarri zuten.

Frankoak ere jatorri germaniarreko jende batzuk ziren. VI. mendean, Galia menderatu zuten, Klovis izeneko buruzagi kristau batek gidaturik. Haiek ere beren erreinu bat antolatu zuten bertan, erromatar inperioa desagertu zenean. Frankoen erregerik ospetsuena Karlomagno izan zen; errege honek erromatar inperioa berpiztu nahi izan zuen eta, Erromako Elizaren laguntzarekin, Erromatar Inperio Santua delakoa eraiki zuen, gaur egungo Europa erdialde eta hegoaldeko zati handi batean.

Geroago, 850. urtetik aurrera, bigarren inbasio-aldi bat gertatu zen, handiagoa: hungariarrek, bikingoek, bulgariarrek eta sarrazenoek eraso ugari egin zituzten. Biztanle-mugimendu horiek Europako etnia eta kultura desberdinak nahasten lagundu zuten, baina merkataritza eta, oro har, ekonomia ere, erabat hondatu zuten.