Vikidiatik

Berna

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Erdi aroko dorrea, Zeitgloke (denboraren kanpaia) izenekoa.

Berna Suitzako hiriburua da. Berna izeneko kantoiko hiri nagusia ere bada. 2018ko martxoko datuen arabera, 142.656 biztanle ditu. Suitzako mendebaldean kokatuta dago, Aar izeneko ibaiaren ondoan. Herrialdeko gobernuak (Kontseilu Federala deitzen zaio) eta legebiltzarrak hiri honetan dute egoitza.

Hiria XII. mendean sortu zen, baina haren erdi aroko aldea batez ere XVIII. mendean berritu zen. Monumentu ugari ditu eta UNESCOk munduko ondareen artean sartu zuen 1983an.

Kondaira baten arabera, hiria sortu zuen agintariak hartz bat ehizatu zuelako ipini omen zion Berna izena (alemanieraz hartza "Bär" baita). Horregatik, hartz bat dago hiriaren armarrian. Baina seguruenik, hizkuntza zeltiko batean du jatorria eta ibaiak lurrean irekitako arroilarekin du zerikusia.