Bioaniztasun

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Animalien aniztasun edo dibertsitatea.

Bioaniztasuna gure planetako izaki bizidun guztien multzoa da. "Biologia" eta "aniztasun" hitzez osaturik dagoen kontzeptua da. Bizitzaren dibertsitate edo aniztasunari deitzen zaio horrela. Bioaniztasuna bizitzaren maila guztietan aurki dezakegu:

  • Landare edo animalietan: adibidez, tomateen aniztasuna,hainbat kolore edo formatakoak izan daitezke eta.

Bioaniztasuna aldatuz joaten da denboran zehar: orain ez da Historiaurrean bezala, eta hemendik 100 urtera ere ez da izango gaur egun bezala. Izan ere, espezie bizidunak aldatuz joaten dira, eraldatzen edo desagertu egiten dira. Gaur egun ezagutzen dugun espezie bizidun bakoitzeko, hamar geratzen omen dira deskubritzeko.

Dibertsitate biologikoa bizi-baldintzen araberakoa da, ekosistemaren araberakoa, alegia: ingurune batzuk beste batzuk baino egokiagoak dira bizitzarako. Adibidez, oihan amazonikoa ekosistema ona da, tenperatura ona duelako eta bizi-baldintza egokiak animalia eta landareentzat.

Bioaniztasunerako arriskuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiontzat, bioaniztasuna galtzeak milioika urteko eboluzioa galtzea esan nahi du; beste zenbait baliabide galtzea ere bai, jaten ditugun animaliak, adibidez.

Izan ere, adibidez, arrain gehiegi arrantzatzen badira, horrek bioaniztasunari kalte egingo dio: "Gainarrantza" edo gehiegizko arrantza deitzen zaio horri. Arrain helduen gehiegizko arrantza egiten denean, arrain txikiak nekez iritsiko dira adin heldura, eta horrek galtzeko arriskuan jar dezake espezie hori. Horregatik, gure planetako bioaniztasuna zaintzeko ahaleginak egin behar ditugu.