Vikidiatik

Biografia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Biografien Oxford Hiztegiko liburuki ugariak.

Biografia norbaiten bizitza eta ekintzarik garrantzitsuenak jasotzen dituen kontakizuna da. Gehienetan, idatzitako testu bat izaten da, luzeagoa edo laburragoa: liburu oso bat izan daiteke norbaiten biografia; baina baita testu laburrago bat, paragrafo gutxikoa, Txikipedian bezala. Baina film dokumental batean ere egin daiteke norbaiten biografia. Liburu edo film batean norbaiten biografia egiten bada, liburu edo film biografikoa dela esaten da.

Bestalde, norbaitek bere buruari buruzko biografia idazten edo argitaratzen duenean, autobiografia deitzen zaio. Norbaitek liburu edo film batean bere biografia egiten badu, liburu edo film biografikoa egin duela esaten da.

Nola idatzi biografia bat?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolako ariketa bat izan daiteke norbaiten biografia idaztea. Lan hori egin behar baduzu, hemen dituzu gomendio baliagarri batzuk:

  • Idazten hasi baino lehen, zure pertsonaiari buruzko informazio-iturri fidagarriak bilatu beharko dituzu: liburuak, aldizkarietako artikuluak, egunkariak, entziklopediak, Internet...
  • Irakurri pertsonaia horri buruzko ahalik eta gehien, eta azpimarratu daturik garrantzitsuenak, bai haren bizitzaz, bai haren ekintza edo lanei buruz ere.
  • Idazten hasten zarenean, pertsonaiaren aurkezpen azkar bat egin ezazu: izen-abizenak, jaiotzaren eta heriotzaren data, eta lanbidea.
  • Ondoren, pertsonaia horri buruzko xehetasun edo datu batzuk eman behar dira; jendearentzat interesgarrienak izan daitezkeen datuak jaso. Gero, datu horiek ondo antolatu behar dituzu; horretarako, bi modu daude:
    • Kronologikoki: hau da, pertsonaiari buruzko datuak urteka hurrenkatuz edo antolatuz.
    • Gaika: itxura fisikoa, izaera, familia, lanak...
  • Posible izanez gero, irudiren bat eranstea ere komeni da (pertsonaiaren erretratu edo argazki bat, edo haren lan baten argazkia, artista bat bada, adibidez).