Bitamina

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Fruta eta barazkiak bitamina-iturri bikaina dira.

Bitaminak organismo bizietan zenbait erreakzio metaboliko gertatzeko beharrezkoak diren substantzia organikoak dira. Giza gorputzak kasu gehienetan ezin ditu sintetizatu (fabrikatu) eta, horregatik, oso kopuru txikiak behar izaten diren arren, substantzia hauek elikagaien edo janariaren bidez jaso behar ditugu osasuntsu egoteko.

Bitaminak premiazkoak ditugu gure organismoa ondo hazteko eta ondo funtzionatzeko, erreakzio kimiko askotan parte hartzen dutelako. Horregatik, mantenugai funtsezko edo esentzialak direla esan ohi da. Izan ere, bitaminaren bat falta zaigunean, osasun-arazo handiak izan ditzakegu.

Oso ugariak dira landare-jatorriko elikagai freskoetan; fruituetan eta baraz­kietan, batez ere.

Bitamina motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

13 bitamina ezagutzen dira eta bi taldetan sailkatzen dira:

a) Hidrosolugarriak: uretan disolbatzen dira (B konplexua eta C bitamina)

  • B1 bitamina (tiamina). Hainbat erreakziotan parte hartzen du. Arrautzetan, gibelean, txerrikian eta lekaleetan aurki daiteke. Falta bazaigu, bihotz-arazoak izan ditzakegu.
  • B3 bitamina (niazina edo nikotinamina). Gluzido edo gantz azidoen oxidazioaren erredukzioan parte hartzen duten entzimen osagaiak dira. Haragian, gibelean, arrainetan, fruitu lehorretan eta lekaleetan aurki daiteke.
  • B5 bitamina (azido pantotenikoa). Krebs zikloa delakoa (gluzido, gantz-azido eta aminoazidoen oxidazioa) egiteko ezinbestekoa. Haragian, arrautzetan, arrainetan eta fruitu lehor eta lekaleetan aurkitzen da.
  • B6 bitamina (piridoxina edo piridoxal fosfatoa). Aminoazidoen metabolismoan parte hartzen du. Haragian, gibelean eta arrainetan (sardina eta antxoetan) eta lekaleetan (dilistetan, adibidez), legamian eta fruitu lehorretan topa daiteke.
  • B12 bitamina (kobalamina). Gantz azidoen oxidazioan eta metioninaren ekoizpenean parte hartzen du. Landare-jatorriko janarietan ez da aurkitzen, baina bai haragian, arrautzetan, esnean eta arrain urdinean. Falta bazaigu, anemia izan dezakegu.
  • Azido folikoa (folazina). Proteinen, purinen eta ADNaren sintesian parte hartzen du. Haragian, gibelean eta esparragoetan aurki daiteke.
  • Biotina. Karboxilazio-erreakzioetan parte hartzen du. Elikagai guztietan aurkitzen da.

b) Liposolugarriak: lipido edo koipeetan disolbatzen direnak (A, D, E, eta K bitaminak).

  • A bitamina. Ikusmena hobetzen du (pigmentu bisualak fabrikatzen ditu). Azenarioan, frutan, barazkietan, gibelean, esnean aurki daiteke. Falta bazaigu, hazkundean, ikusmenean eta azalean arazoak izan ditzakegu.
  • D bitamina. Kaltzioa xurgatzeko. Gure larruazalak sortzen du, eguzkia hartzen dugunean. Falta denean, errakitismoa (hanketako hezurren deformazioa) sor daiteke.
  • E bitamina. Antioxidatzailea. Arrautzetan, kakahueteetan, letxugan eta landare-olioetan aurki daiteke. Falta bada, antzutasuna (ugaltzeko ezintasuna) eta giharren ahultasuna gerta daitezke.