Chopin

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Chopin 1849ko erretratu batean.

Fryderyk Franciszek Chopin (Polonia, 1810eko martxoaren 1a - Paris, 1849ko urriaren 17a) poloniar musikagile eta piano-jotzaile bat izan zen, musikaren historiako garrantzitsuenetakoa. Musikaren erromantizismo garaiko izenik aipagarrienetako bat. Aita frantsesa zuen eta nahiko gazterik Polonia utzi eta Parisera joan zen bizitzera; horregatik, bere izen frantsesaz ere da ezaguna: Frédéric Chopin.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chopin Varsovia ondoko herrixka batean jaio zen, eta txikitatik musikak garrantzi handia izan zuen bere inguruan. Zazpi urte zituelarik konposatu zuen bere lehen piano-lana. Zortzi urterekin oso trebezia handiz jotzen zuen pianoa: 1818ko otsailaren 24an eman zuen bere lehen kontzertu publikoa Varsovian, eta oso laster lortu zuen oso ezaguna izatea hiri hartan. Ume prodijiosoa izanda, Mozartekin konparatu zuten bere garaian.

1830ean, Varsovia utzi eta Vienara joan zen bizitzera, eta geroago Parisera. Han, haren ospea handituz jarraitu zuen. Beste musikagile garrantzitsu asko izan zituen lagun: Lizst, Mendelssohn eta Berlioz, adibidez.

Tuberkulosia izeneko gaixotasuna harrapatu zuen eta 1849an hil zen. Parisko Père-Lachaise hilerrian dago lurperatuta; baina, bere nahia betez, bere arreba batek Varsoviara eraman zuen haren bihotza, eta orain Gurutze Santuaren elizan dago.