Vikidiatik

Demografia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Espainiako biztanleriaren adin-banaketa 2010ean; biztanleria zahartzen ari dela erakusten du.

Demografia biztanleriaren egitura, bilakaera eta ezaugarri nagusiak aztertzen dituen zientzia da. Herrialde edo nazioetan zenbat jende bizi den, zenbatek emigratu duen eta adinaren arabera nola banatzen diren jakin ahal dugu. Esate baterako, demografiak honako ezaugarri hauek jorratzen ditu: egoera zibila, jaioterria, nazionalitatea edo ezaugarri ekonomikoak, besteak beste.

Zientzia honen sorrera Errenazimentu garaian kokatzen da, baina 1798an Thomas Robert Malthusek bere obra nagusiak argitaratu zituenean garrantzia hartu zuen. Herrialde jakin batean denbora jakin batean zehar izandako jaiotza kopuruari jaiotza-tasa esaten zaio.

- Jaiotza-tasak herrialde jakin batean urtebetean mila biztanleko zenbat haur jaio diren adierazten du.

- Ugalkortasun-tasak emakume ugalkor bakoitzari batez beste dagokion seme-alaba kopurua adierazten du.

Une konkretu bateko biztanleria ezagutzeko bi era daude:

- Zentsua: zentsua hamar urtean behin egiten da eta Estatuko gobernuaren ardura da.

- Errolda: udalaren ardura da eta bost urtean behin egiten da. Inkesta baten bitartez biltzen dira datu horiek. Gaur egun, ordenagailuak direla eta, herri bakoitzean une bakoitzean erroldatua dagoen biztanleria ezagutu daiteke (errolda begiratuz gero). Zentsuak, ordea, momentu horretan erroldan daudenak (bertan edo kanpoan egon) eta erroldan egon gabe bertan bizi direnak hartzen ditu kontutan.

Azkenaldiko fenomeno garrantzitsua biztanleriaren zahartzea da. Alde batetik, jaiotzak gutxitu direlako, eta gero eta adin nagusiko jende gehiago dagoelako (batez ere lurralde aurreratuetan). Lehen oso zaila zen zahartzarora heltzea, gaur egun ordea ez. XVII. mendean biztanleen %20a heltzen zen 60 urte izatera, eta %3a 80 urte izatera. Gaur egun, 60 urte izatera %90a iristen da eta 90 urte izatera %45a.