Vikidiatik

Eliza Ortodoxoa

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Jesukristoren ikono bizantziar bat.

Eliza ortodoxoa kristautasunaren adar nagusietako bat da. Eliza kristau nagusia da Europako ekialdean (bereziki, Grezian, Errusian, Ukrainan, eta Balkanetan), bai eta Ekialde Hurbilean (Asian); mundu osoan, 200 milioi kristau ortodoxo baino gehiago daude, gutxi gorabehera. Herrialde horietako bakoitzeko Eliza ortodoxoak nahiko independentea da eta bakoitzak bere buruzagia aukeratzen du. Hala ere, badago halako ordezkari orokor bat, Konstantinoplako (gaur egun Istanbul, Turkia) patriarka (buruzagia) delakoa.

Sinesmenak eta errituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristau ortodoxoek jatorria kristautasunaren hasieran dutela diote, eta kristautasuna lehen kristauek jarraitu zuten bezala jarraitzen dutela uste dute. Katoliko erromatarrek ez bezala, ez dute Aita santuaren agintaritza onartzen.

Igandero, eliza ortodoxoek elizkizun garrantzitsuena ospatzen dute, Liturgia Sakratua. Elizkizuna bitartean, fededunek ogia jaten dute, Jesusek haren jarraitzaileekin egindako Jesusen azken afariaren omenez. Beste elizetan bezala, jaunartze izenez ezagutzen da, eta Eliza ortodoxoaren zazpi sakramentu edo zeremonia sakratuetako bat da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristautasuna Erromatar Inperioaren erlijio ofiziala bihurtu zen K.o. IV. mendean. Mendebaldeko zatia V. mendean inbasoreen menpe geratu zen, baina ekialdeko zatiak beste 1.000 urtez biziraun zuen Bizantziar Inperioaren izenpean. Aita santua Mendebaldeko Elizaren buru bihurtu zen, eta Konstantinoplako patriarka, berriz, Ekialdeko Elizarena.

Ekialdeko eta Mendebaldeko Elizak ez zetozen bat erlijio kontu askotan, eta hainbat mendez banatuta egon ziren, 1054. urtean ofizialki banatu ziren arte. Ekialdeko Eliza Ortodoxoa eta Erromako Eliza Katolikoa bihurtu ziren.

Musulman turkiarrek Bizantziar inperioaren azkeneko zatia konkistatu zuten 1453. urtean, eta, Errusiako Eliza Ortodoxoa, inperiotik kanpo zegoena, izan zen Turkiar aginpidetik kanpo gelditu zen Eliza ortodoxo bakarra. Hori dela eta, Eliza ortodoxoen arteko buruzagitza hartu zuen. Gaur egun, Ekialdeko Eliza ortodoxo handiena da.