Vikidiatik

Enid Blyton

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Enid Blyton idazleren omenezko plaka.

Enid Mary Blyton (1897-1968) idazle ingeles bat izan zen, Londresen jaiotakoa. Haur eta gazteentzako ehundaka istorio eta liburu, poemak eta antzerki-lanak idatzi zituen: 40 urtetan, 600 liburu inguru argitaratu zituen.

Haren liburuetako askok misterio eta abenturazko istorioak kontatzen dituzte; gure artean ezagunenak "The Famous Five" edo, euskarazko itzulpenetan, "Bostak" sortakoak dira. Liburu hauetan, bost lagun gaztetxok talde bat osatzen dute, misterioak ikertzeko eta hainbat pasadizo interesgarri gertatzen zaizkie.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gaztetan hasi zen idazten: 14 urte besterik ez zuenean argitaratu zituen bere lehen poemak umeentzako aldizkari batean. Maistra izateko ikasketak egin zituen eta irakaskuntzan ibili zen, baina, bitartean, umeentzako lanak idazten jarraitu zuen.

Arrakasta lortu zuenean, irakaskuntza utzi eta literatura-lanari ekin zion osorik.

1968an hil zen, Londresen; baina haren liburuek oso bizirik jarraitzen dute oraindik: milioika ale saldu dira munduan eta 90 hizkuntzatara gutxienez itzuli dira.