Vikidiatik

Erromatar armada

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Erromatar soldaduen antzezpena

Erromatar armada antzinako Erromak historian zehar zuen indar armatuen izena da. Normalean, 17 eta 46 urte bitarteko herritarrek osatzen zuten. Legio izeneko soldadu-sail handietan banatuta zegoen; legio bakoitzak 6.200 gizon zituen, formazio itxian borrokatzen zirenak. Armada boteretsu honekin, lurralde oso zabalak konkistatu eta erromatarren nagusitasuna inposatu zuten bertan.

Hasieran, jabetzak zituzten herritar guztiek nahitaez egin behar zuten zerbitzu militarra, baina porrot batzuen ondoren, Mario kontsulak armada erreformatu egin zuen, eta soldadu profesionalez osatutako gudaloste bat antolatu zuen. Derrigorrezko zerbitzu militarra aldi baterakoa zen, eta, esan bezala, jabetzak zituzten erromatar herritarrak bakarrik errekrutatzen ziren, Erroma defendatzeko arrazoiak zituzten bakarrak zirela uste zelako.

Armada handitu behar izan zenean, jabetzarik gabeko plebeioak ere sartu ziren soldata baten truke (hortik dator soldadu hitza). Une horretatik aurrera, armada profesionalizatuz joan zen, hau da, hiritar erromatar guztiak aldi baterako errekrutatu beharrean, armadan modu iraunkorrean jarraitzen zuten soldatapeko soldaduek osatu zuten armada berria.

Erromatarren kanpamentu militar bati buruzko bideoa

Legioan izena ematen zutenek pobreziatik ateratzeko sartzen ziren armadan, bai eta gerren ondoren eta soldadu izateko adina pasatu ondoren, soldadu beteranoei lurrak ematen zizkietelako.

Legioak soldaduek berek eraikitzen zituzten kanpamendu harresituetan bizi ziren. Kanpamentuek lauki forma izaten zuten, eta bi bide izaten zituzten; cardo izeneko bide nagusia, iparraldetik hegoaldera zihoana; eta decumano izenekoa, ekialdetik mendebaldera luzatzen zena. Kanpaleku horietako asko, denborarekin, hiri bihurtu ziren.

Erromatar armada kontsul baten agindupean zeuden zenbait legioz osatuta zegoen. Oso ondo antolatuta zegoen Mario kontsularen erreformen ondoren. Legio bakoitzean legatu izeneko jeneral bat egoten zen, tribuno izeneko ofizial batzuen laguntza zuena. Legio bakoitzaren barruan, 100 soldaduz osatutako talde desberdinak zeuden, centuria deitutakoak, eta haietako bakoitzaren buru ofizial bat zegoen, zenturioi (euskaraz, ehuntari hitzarekin itzuli da) deitzen zena. Gainera, legio bakoitzak 300 bat zaldun zituen, bai eta tropa laguntzaile batzuk ere.

Borrokan, formazio itxian erasotzen zuten, eta beren burua babesteko, dortoka deitutako formazioa osatzen zuten, ezkutuekin alde guztietatik babestuz, etsaiek geziak jaurtitzen zituenean. Bestalde, gerra makinak erabiltzen zituzten jaurtigaiak jaurtitzeko (baleztak edo katapultak, adibidez) eta gotorleku bat setiatzeko (arieteak edo eraso-dorreak).