Vikidiatik

Estatistika

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Aritz Aduriz futbolariaren datu estatistiko batzuk.

Estatistika matematiken adar bat da. Estatistikak informazioa batu, laburbildu eta zer esan nahi duen azaltzen du. Lan honetatik ateratzen diren zenbakiak ere estatistikak deitzen dira. Eguraldia eta kirol-taldeen errendimendua bezalako gauzak iragartzen lagundu dezakete. Pertsona talde handiei buruzko gauza espezifikoak ere deskribatzen dituzte, batzuetan; adibidez, boto-emaileen iritziak, ikasleek zenbat irakurtzen duten, edo adin ezberdinetako biztanleria zenbaterainokoa den hiri batean.

Nola batzen dira datuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatistikak egiten dituzten pertsonek, funtsean, hiru modutan batzen dituzte datuak (informazioa): iturri fidagarriak erabiltzen dituzte, egunkariak edo erakunde fidagarrien txostenak adibidez; esperimentu zientifikoak egiten dituzte; eta inkestak egiten dituzte (galderak egiten dizkiete pertsonei).

Batzuetan, estatistikariek ezin dituzte talde bateko pertsona bakoitzari buruzko datuak batu, taldea handiegia delako, gehienetan. Kasu hauetan, taldearen zati bat bakarrik aztertzen dute, lagina deiturikoa. Lagin batek zehaztasunez irudikatu behar du populazio orokorra. Adibidez, emakumeek gizartearen % 60a hartzen badute, orduan laginaren % 60ak emakumez osatuta egon behar du.

Nola adierazten dira datuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin estatistikariek informazioa batuta, laburbildu egiten dute. Askotan, datuak grafiko edo tauletan ipintzen dituzte; horrela, datuak irakurtzeko errazagoak dira, zerrenda luzeak baino. Adibide bat da artikulu honek duen Aritz Aduriz jokalariari buruzko grafikoa.

Batez bestekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatistikariek datuak laburbildu ez ezik, batez bestekoak edo mediak deritzen zenbakiak kalkulatzen dituzte.

Batez bestekoa zenbaki multzo baten batura da multzoaren elementu kopuruarekin zatituta. Esate baterako, 10 pertsonak 800 kilogramo pisatzen badituzte guztira, orduan haien batez besteko pisua 800 kilogramo zati 10ekoa izango da: hau da, 80 kilo.

Zertarako erabiltzen da estatistika?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datuak laburbildu eta gero, pertsonek interpretatu egiten dituzte, hau da, esan nahi dutena argitzen dute. Egunkarietako artikuluek, liburuek eta diskurtso politikoek estatistikak ematen dituzte askotan. Jendeak bere iritziak oinarritzeko edo bermatzeko erabiltzen ditu datu estatistikoak.

Estatistikak koadro grafikoetan eta zenbakietan irudikatzen direnez, jendeak errazago sinetsi ohi ditu, itxura "zientifikoagoa" izaten dutelako. Baina jendeak egia itxuragabetzeko ere erabil ditzake estatistikak. Horregatik, oso garrantzitsua da jakitea ea estatistikariek kontuz batu dituzten datuak eta ea zehaztasunez laburbildu dituzten.