Europa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Europa, lurbira globoan.

Europa Lur planetako bost kontinenteetako bat da, bigarren txikiena (Ozeania da txikiena). 11.100.000 km koadro da; alegia, Lur planetaren azaleraren % 2, munduko lur lehorraren % 6,8. Ipar Hemisferioaren sortaldeko erdialdean da. Mugakide ditu, iparrean, Ozeano Glazial Artikoa; hegoan, Mediterraneo itsasoa; mendebaldean, Ozeano Atlantikoa, eta, ekialdean, beste kontinente bat: Asia. Bi kontinenteen arteko mugan, Ural mendiak, Ural ibaia, Kaspiar itsasoa eta Karpato mendiak. Azaleraz zein biztanleriaz, Errusia da Europako naziorik handiena; txikiena, berriz, Vatikanoa. Laugarren kontinenterik jendetsuena da Europa; Asia da lehena, Afrika bigarrena, eta Amerika hirugarrena. Munduko populazioaren % 11 bizi da Europan, gutxi gorabehera: 735.000.000 bat pertsona.

Mundu Zaharra osatzen zuten Afrikak, Asiak eta Europak Kristobal Kolon Amerikara joan aurretik, harrezkero Mundu Berria izenaz bataiatu zutelako Amerika.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako mapa topografikoa.

Kontinenterik lauena da Europa; batez beste, 230 metro garai da. Hala, 2.000 km-ko lautada zabal bat doa Frantziako kostalde atlantikotik Ural mendietaraino, Asiako mugaraino. Europako mendirik garaienak Elbrus (Errusia, 5.642 m), Sakkara (Georgia, 5.204 m) eta Mont Blanc (Frantzia, 4.607 m) dira.

Golkorik nabarmenenak Bizkaiko golkoa (Euskal Herria) eta Botnia golkoa (Finlandia-Suedia) dira. Itsasarterik garrantzitsuenak, Bosforo (Turkia), Calais (Erresuma Batua-Frantzia), Dardaneloak (Turkia), Gibraltar (Espainia-Maroko), Messina (Italia) eta Oresund (Danimarka-Suedia), besteak beste.

Penintsulen artean, Balkanetakoa, Eskandinaviakoa, Iberiarra eta Italiarra dira nagusiak. Beste batzuk ere badira: Bretainia (Frantzia), Jutlandia (Danimarka), Krimea (Ukraina) eta Kola (Errusia).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienbat alde epelean dago Europar kontinentea. Klima aldatu egiten da iparretik hegora, bai eta ekialdetik mendebaldera ere, itsasotik nahiz kontinentetik haize polarrak heltzen zaizkiolako. Dena dela, korronte tropikalak ere ailegatzen dira itsasotik nahiz kontinentetik.

Ondoko klimak bereizten dira Europan:

  • Mediterraneoa: latitudeko 30º eta 40º paraleloen artean, klima mediterraneoa izaten da. Klima mota horretan, sargoria izaten da nabarmenena udan, antizikloi tropikalaren ondorioz, eta, neguan, hezetasuna, fronte polarraren eraginez.
  • Ozeanikoa: Ozeano Atlantikoaren kostaldeetakoa da, eta Norvegiatik Portugaleraino heltzen da. Kontinentera sartu ahala, kontinental bihurtzen da. Hezetasuna egonkorra da, eta tenperatura ez dira asko aldatzen, moderatuak dira.
  • Kontinentala: kontraste handia gertatzen da eurien, udako sargoriaren eta neguko hotz lehorraren artean. Udako tenperatura handien ondorioz, ur ugaria lurruntzen da eta zaparradaka erortzen.
  • Tundrakoa: latitudeko 60º eta 80º paraleloen artean izaten da, Errusia, Norvegia, Suedia eta Finlandian. Prezipitazio handiak gertatzen dira (250 mm, batez beste), eta hotz etengabea, urte osoan gehienezko tenperatura 10 ºC izaten baita.
  • Mendialdekoa: mendiko kliman tenperatura 0,5 eta 1 ºC bitartean jaisten da gora 100 metro egin ahala. Ondorioz, aireko hezetasuna handitzen, eta prezipitazioak gertatzen dira.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako ibai nagusiak eta ur-isurialdeak.

Azaleraz txikia izateaz gain, erliebez oso menditsua ez denez gero, Europan ez dago Amazonas bezain ibai luzerik. Europako ibai luzeenak Rhin, Danubio, Volga eta Don, hau da, lautada errusiarretakoak nabarmentzen dira. Mendebaldean, hauek dira aipagarrienak:

Erdialdekoak, hauek:

Europako eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko edo Sortaldeko Europa, geografiaren ikuspegitik, kontinentearen ekialdean dagoena dugu. Baina, historiari begiratuz gero, ekialdeko zatian sartutako nazioak aldatuz joan dira mendez mende. Ondorioz, Ekialdeko Europan nahiz Erdialdeko Europan egon dira sailkatuta nazio edo herri batzuk.

Mendebaldeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geografiaz, Kontinentearen mendebaldean edo sartaldean dagoen zatia da Mendebaldeko Europa edo Sartaldeko Europa da. Ozeano Atlantikoaren kostaldearen ingurukoa da, batez ere. Ekonomiaren aldetik, egun, aberatsagoa eta industrializatuagoa da. Estatu gehienak Europar Batasunekoak dira.

Erdialdeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako lautada handiarekin bat dator, gehienbat. Kostaldeak ez dira oso garaiak edo koska handikoak. Kontinentearen erdian diren nazioen multzoa da. Ez dago adostasun handirik zein lurralde dagoen barruan eta zein ez esateko orduan. Irizpide geografikoak baino areago, historikoak edo politikoak erabiltzen dira. Aldaketa handiak jasan ditu, Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak batez ere lur horietan gertatu zirelako. Horien ondorioz, aldaketa politiko handiak gertatu ziren.

Hegoaldeko Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldean, hiru penintsula aipatu behar dira: Iberiar penintsula, Italiar penintsula eta Balkanetako penintsula. Mendien artean, garaienak Alpeak dira (Suitza). Kostaldea oso koskatua da, mendiak ia itsasoraino heltzen direlako. Klima nagusia mediterraneoa da, eta, horri esker, oso nekazaritza aberatsa du antzinatik; nabarmenena “hirukote mediterraneoa” deritzona da: mahastiak, olibondoak eta zekaleak. Euskal Herria Hegoaldeko Europaren eta Mendebaldeko Europaren artean dago. Mendebaldeko kultura klasikoaren oinarri izan dira Grezia eta Italia klasikoak.