Vikidiatik

Euskal Herria

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Euskal Herriaren kokapena Europan
Euskal Herriko ikurrina

Euskal Herria Europako herrialde bat da, Frantzia eta Espainiaren arteko mendebaldeko mugan dagoena. Zazpi herrialde historiko biltzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Lehenengo laurak Espainiako estatuan, eta azken hirurak Frantziaren barnean.

Datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Azalera: 20.950 km2
  • Populazioa: 3.142.982 biztanle (2017an)

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko herrialdeak

Iparrean Euskal Herriak muga egiten du Kantauri itsasoarekin eta Frantziako Okzitaniarekin; hegoaldean, Espainiako Errioxarekin, Gaztelarekin eta Aragoirekin; ekialdean, Aragoirekin eta Frantziako Okzitaniarekin; eta mendebaldean Espainiako Kantabriarekin eta Gaztelarekin.

Klimari dagokionez Euskal Herriak kontraste handiak ditu: Bizkaian, Gipuzkoan, Ipar Euskal Herrian eta Araba zein Nafarroako iparrean klima ozeanikoa da, euritsua eta epela. Araba zein Nafarroako erdialdean klima trantsiziozkoa da, aurrekoa baino euri gutxiagoarekin eta hotzagoa neguan eta beroagoa udan. Azkenik, Araba eta, batez ere, Nafarroako hegoaldean klima lehorra da eta muturreko tenperaturak ditu.

Mendiak eta ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urumea ibaia Donostian

Euskal Herria, orokorrean, oso menditsua da. Mendirik altuenak Pirinioetan daude: Hiru Erregeen Mahaia (2.446 metro) da altuena, eta gero Ezkaurre (2.050 metro), Orhi (2.017 metro) eta Kartxela (1.982 metro). Pirinioetatik kanpo, mendi altuenak Aizkorri (1.551 metro), Beriain (1.493 metro) eta Gorbeia (1.481 metro) dira.

Ebro da Euskal Herria zeharkatzen duen ibaien artean luzeena (910 kilometro). Kantabriako Europako Mendietan jaio eta Mediterraneo itsasoan isurtzen ditu urak. Euskal Herriko hegoaldean zehar zirkulatzen du. Beste ibai garrantzitsuak Aragoi ibaia, Aturri, Nerbioi, Bidasoa, Zadorra, Arga, Ega, Deba eta Urumea dira.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bilbo (345.122 biztanle)
  • Gasteiz (244.634 biztanle)
  • Iruñea (195.650 biztanle)
  • Donostia (186.064 biztanle)
  • Barakaldo (100.025 biztanle)
  • Getxo (78.554 biztanle)
  • Irun (61.608 biztanle)
  • Baiona (49.207 biztanle)

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza euskara da. Hori izan da mende luzeetan Euskal Herria ia osoan hitz egin den hizkuntza nagusia. Gaztelania ere hitz egiten da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian, eta frantsesa Lapurdi, Nafarroan Beherean eta Zuberoan.

XIX. mendearen hasieratik aurrera Espainia eta Frantziako gobernuek gaztelania eta frantsesaren aldeko hizkuntza politikak bultzatu zituzten, eta horren ondorioz bi hizkuntza horiek euskara ordezkatu zuten Euskal Herriko lurralde askotan, batez ere hirietan. Gaur egun, Euskal Herriko biztanleen %30 inguru euskalduna da, hots, euskaraz badaki (850.000 pertsona, gutxi gorabehera).

Euskal Herriko tokirik euskaldunenak Gipuzkoako gehiengoan, Bizkaiko ekialdean, Nafarroako ipar-mendebaldean eta Ipar Euskal Herriko Nafarroa Beherean eta Zuberoan daude.

Euskara hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako iparrean. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan euskarak ez du ofizialtasunik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek hau bezalako etxeak egin zituzten Euskal Herrian

Euskaldunen presentzia Euskal Herrian oso aspaldikoa da, aditu gehienek uste dutelako Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza (euskara) Europako zaharrenetako bat dela eta milaka urte dituela.

Erromatarrak Euskal Herrira etorri ziren eta bertan finkatu ziren. Kristoren aurreko II. mendetik Kristoren ondorengo V. mendera arte, gutxi gorabehera, Euskal Herrian egon ziren eta hiri garrantzitsu batzuk sortu zituzten: Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona), Iruña-Veleia, Oiasso (Irun), etab.

Erromatar inperioa desagertu zenean Baskoniako Dukerria agertu zen. Baskoiek Karlomagno frankoen erregearen armada garaitu zuten Orreagan, 778ko abuztuaren 15ean. IX. mendean Iruñeko Erresuma sortu zen, geroago beste euskal lurralde batzuetara zabaldu zena eta Nafarroako Erresuma bihurtu zena. Era berean, musulmanak Euskal Herrira iritsi ziren VIII. mendean eta Nafarroaren hegoaldeko leku batzuetan hainbat mendetan egon ziren.

Erdi Aroan ahaide nagusiak edo "jauntxoak" izan ziren Euskal Herriko lurralde zabaletan agintari nagusiak, eta erabaki garrantzitsuenak hartzen zituztenak. Tokian tokiko legeak eta ohiturak jasotzeko herrialde bakoitzeko foruak idazten hasi ziren gero, XIII., XIV. eta XV. mendeetan (Nafarroako Foru Nagusia, 1237an, Bizkaiko Foru Zaharra, 1452an, Gipuzkoakoa 1457an....). Euskal foruak indarrean egon ziren Ipar Euskal Herrian 1789ra arte, Frantses Iraultzak indargabetu zituen arte. Nafarroak bere foruak 1841ean galdu zituen, I. karlistadaren ondoren, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 1876an, III. Karlistadaren gerra galdu ondoren. Espainiako garai hartako gobernuek Espainiako botere zentrala indartu nahi zuten eta euskal foruak kendu zituzten helburu hori lortu ahal izateko.

Espainiako II. errepublikaren garaian (1936an) lehenengo Eusko Jaurlaritza agertu zen, Jose Antonio Agirre lehendakaria zuena. Franco jeneral espainiarrak Espainiako errepublika indarrez ezabatu zuen, eta 40 urteko diktadura gogorra ezarri. Garai horretan, euskara eta euskal kultura debekatuta eta baztertuak izan ziren, eta Eusko Jaurlaritzak erbestera joan egin behar zuen. Franco hil ondoren Eusko Jaurlaritza berriz osatu zen eta Hego Euskal Herriko gaur egungo banaketa administratiboa (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea) agertu zen.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]