Vikidiatik

Geografia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Lurreko mapa, Herodotoren deskribapenean oinarritua.

Geografia Lurraren azala aztertzen eta deskribatzen duen jakintza edo zientzia da. Izena grezierazko bi hitz elkartuz sortua da: geos (lurra) eta grafein (idatzi edo marraztu), eta, beraz, lurra nolakoa den esatea edo marraztea esan nahi du, etimologiari (hitzaren jatorriari) begiratuz. Geografiaz arduratzen diren adituak geografoak dira.

Beste zentzu batean ere erabiltzen da geografia hitza: delako lurralde edo herrialde baten azala edo azalera esateko; adibidez, halako lurralde batek "geografia menditsua" dela esaten denean, lurralde hori menditsua dela esan nahi da. Aditu batzuen arabera, erabilera hori ez da oso zuzena eta baztertzea gomendatzen dute.

Geografia deritzan zientziak Lurraren azaleko osagaiak azaltzen ditu: kontinenteak, itsaso eta ozeanoak, mendiak, ibaiak, hiriak eta herrialdeak.

Zer geografia mota daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geografiak bi adar nagusi ditu:

  • Geografia fisikoa: ingurune naturala aztertzen du, hau da, Lurraren beraren azaleko osagaiak (kontinenteak, itsasoak, mendiak eta abar), baina baita eguraldiak eta klimak izaki bizidunetan (gizakia barne) duen eragina ere.
  • Geografia politikoa (edo giza geografia): Lur osoan edo lurralde jakin batean dauden herrialde, herri, kokagune eta mugak deskribatzen ditu; gizakiak delako lurralde bat nola banatu duen deskribatzen du. Adibidez, Europako geografia politikoak esaten digu zein diren Europa osatzen duten herrialdeak eta non dauden haien arteko mugak edo zein diren haien hiriburuak.

Dena dela, bi adar nagusi horiez gain, badira beste geografia mota batzuk ere, aztertzen duten gai zehatzaren arabera; adibidez, besteak beste:

  • Giza geografia edo geografia soziala: lurralde jakin bateko biztanleria aztertzen du; hau da, jendea non bizi den, zenbat diren, nola bizi diren, paisaia nola ari diren aldatzen edo herrialde baten ekonomia nolakoa den aztertzen du.
  • Geografia historikoa: Lurreko herriak edo herrialdeak historian zehar nola banatuta egon diren eta haien arteko mugak nola aldatu diren aztertzen du.
  • Geografia linguistikoa: Lurreko hizkuntzak non hitz egiten diren eta nola banatuta dauden aztertzen du.

Geografiaren adar guztientzat, oso garrantzitsuak dira mapak; haietan irudikatzen da lurralde jakin bateko geografia, bai fisikoa, bai politikoa, baita bestelako geografia motak ere. Mapak egiteko lanari mapagintza edo kartografia deitzen zaio.

Noiz hasi zen gizakia Geografiaz arduratzen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakia betidanik egon da interesatuta Lurrari buruz eta, horregatik, geografia zientzia zaharra dela esan daiteke; hala ere, XIX. mendera arte ez zen sartu Unibertsitateko ikasketen artean, edo, bestela esanda, ez zen zientziatzat hartu.

Ezagutzen diren lehen mapak antzinako Egipton eta Babilonian egin ziren, baina antzinako greziarrak izan ziren Geografiari zientzia maila eman ziotenak. Lehen geografotzat hartzen dena antzinako Greziako historialari bat izan zen, Herodoto, K.a. V. mendekoa. Berak egin zuen ezagutzen zuen mundu zatiari buruzko lehen deskribapena; bertan, hiru kontinente baino ez zituen aipatu (Europa, Asia eta Afrika), besterik ez zuelako ezagutzen.