Vikidiatik

Greta Thunberg

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Greta Thunberg

Greta Ernman Thunberg Stockholmen (Suedia) jaio zen, 2003ko urtarrilaren 3an.

Ikaslea da, baina aktibista politikoa izateagatik da ezaguna; zehazki, berotze globala eta klima-aldaketa geldiarazteko ekimenak proposatu eta horietan parte hartzeagatik. Izan ere, 2018ko abuztuan, klimaren aldeko lehen eskola-greba antolatu zuen berak bakarrik; eta ekimen horrek oihartzun handia izan du mundu osoan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greta Thunberg 2003ko urtarrilaren 3an jaio zen. Haren ama Malena Ernman da, opera-kantari suediarra; aita, berriz, Svante Thunberg aktorea.

Bere familiak utzitako karbono-aztarna gutxitu nahi zuen, ingurumenaren alde egiteko; hori dela eta, behin eta berriro eskatu zien etxekoei begano egiteko eta hegazkinez ez bidaiatzeko. Amak, opera-kantari ezaguna izan arren, uko egin zion ozeanoa zeharkatzeari kontzertuak emateko, hegazkina ez erabiltzearren. Gaur egun, familia auto elektrikoz mugitzen da alde batetik bestera.

Klimaren aldeko ikasle grebak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko abuztuaren 20an, Suediak ohi baino bero-bolada handiagoak eta sute ugari bizi izan zituen; hori dela eta, Thunbergek eskolara ez joatea erabaki zuen, greba egiteko. Protesta-ekintza hori Suediako hauteskunde orokorrak egin arte luzatu zen, hau da, 2018ko irailaren 9ra arte. Ekintza horretan, Suediako gobernuak karbono-isurketak gutxitzea eskatzen zuen Gretak; horregatik, eskola-egun guztietan protesta egin zuen, Suediako Parlamentuaren aurrean jarrita.

Hauteskundeen ostean ere segitu zuen greba egiten, baina ostiraletan soilik. Dena dela, berehala lortu zuen jende askoren arreta, baita bere sorterritik kanpo ere. Ondorioz, herrialde askotako ikasleengan izan zuen eragina, eta munduko beste ikasle batzuk ere hasi ziren ikasle-grebak egiten. 2018ko abendura arte batutako datuek diotenez, 20.000 ikaslek baino gehiagok egin dute greba mundu osoko 270 hiritan gutxienez.

Sariak eta ohoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko maiatzean, Greta Thunberg Svenska Dagbladet lehiaketan irabazleetako bat izan zen, gazteentzako klimari buruzko idazlan bat egiteagatik. Gainera, Children's Climate Prize deitutako saria ere eman zioten, baina berak ez zuen onartu, finalistek Stockholmera hegazkinez joan behar zutelako. Beste hainbat sariren artean, Emakumearen Nazioarteko Egunean Thunberg Suediako 2019ko emakumerik garrantzitsuena izendatu zuten.