Vikidiatik

Greziar mitologia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Minotauro eta Teseo.

Greziar mitologia antzinako greziarren mitoei buruz (jainko eta heroiei buruz eta munduaren sorrerari buruz) zeuzkaten istorio edo kontakizunen multzoa da.

Antzinako Greziako mitoak beste kultura askotakoen antzekoak dira. Mitoek mundua nola sortu zen kontatzen dute, eta gauzak zergatik gertatzen diren azaltzen laguntzen dute.

Antzinako Greziako jendeak jainko eta heroi asko zituen. Jainkoei buruzko istorioak kontatzen zituzten, eta tenpluak eraiki zituzten haien omenez. Istorio edo mito horiek 2.000 urte baino gehiagoz iraun dute bizirik.

Mitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Greziako istorio guztiak ahoz kontatzen ziren, testu idatzietan jaso baino lehen; horregatik, istorioen bertsio ezberdin asko daude. Bertsio zaharrenetako batzuk Iliada eta Odisea izeneko bi poema luzetatik datoz. Poema hauek Homero izeneko gizon batek idatzi omen zituen.

Beste poeta batek, Hesiodok, Teogonia izeneko obra bat idatzi zuen K.a. 700. urte inguruan. Lan honetan, Hesiodok jainkoen historia azaldu zuen. Berak esan zuen Uranok (Zeruak) eta Geak (Lurrak) 12 seme-alaba izan zituztela, titan izenaz ezagutzen direnak. Titanetako bat Kronos izan zen, Uranoren aurka matxinatu eta menderatu zuena. Baina orduan, Kronosen semeetako bat, Zeus, Kronosen aurka matxinatu zen. 10 urteko borrokaren ondoren, Zeusek eta bere anai-arrebek, azkenean, titanak garaitu zituzten.

Zeus eta beste jainko nagusiak, orduan, Olinpo mendian bizi ziren. Han, gizakien bizitza zaintzen zuten eta guztiak gobernatu zituzten. Zeusek, adibdiez, gizakien jokabide ona saritu eta gaizkia zigortzen zuen. Zeusen emaztea Hera zen.

Zeus eta Heraz gain, jainko eta jainkosa nagusiak Afrodita, Apolo, Ares, Artemisa, Atenea, Hermes eta Poseidon ziren. Baziren heroi bezala hartzen ziren gizakiak ere, balentria ikaragarriak egiten zituztelako, Herakles adibidez.

Greziar mitoen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako erromatarrek greziarren jainkoetako asko adoptatu zituzten, baina izen desberdina emanez. Mundu horretan, jainko nagusia Jupiter zen, eta haren emaztea Juno.

Antzinako greziarren eta erromatarren ondoren, Mendebaldeko idazle eta artista askok erabili dituzte greziarren eta erromatarren mitologiako istorioak beren lanetan: estatua, margolan, liburu, kantu eta bestelako artelan asko eta asko mitologian oinarrituta daude.