Haurdunaldi

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Haurdun dagoen emakumea.

Haurdunaldia ume bat amaren sabelean dagoen denbora da. Haurdunaldiak, oro har, umea jaiotzen denera arte irauten du; gizakien kasuan, gutxi gorabehera 39 aste irauten du.

Ekografia honetan, umea aho-zabalka ikus daiteke amaren sabel barruan.

Emakumeen sabelean ugalketarako balio duten hainbat organo daude.

  • Obulutegiak: Obuluak sortzen dituzten bi organo dira. Obuluak emakumeen ugalketa aparatuan sortzen diren ugaltze-zelulak dira. Biribilak dira eta gizakiaren gorputzean dauden zelularik handienak dira.
  • Umetokia: Obuluekin lotuta dagoen barrunbea da. Normalean madari edo udare baten tamainakoa da. Umekia (sortzen ari den umea) umetokiaren barruan hazten da.
  • Falopioren tronpak: Obulutegiak umetokiarekin lotzen dituzten tutuak dira.

Adin emankorrean dauden (haurdun gelditu ahal diren) emakumeen kasuan, normalean obulutegiek obulu bat sortzen dute hilean. Obulu hori Falopioren tronpetan barrena doa gero. Espermatozoide bat (gizonezkoen ugaltze-aparatuan sortzen diren ugaltze-zelulak) obuluraino iristen denean, bi zelulak batzen dira eta ernalketa gertatzen da; hau da, zelula bakarra eratzen dute, enbrioi deitzen dena. Obulura espermatozoide asko iristen dira, baina normalean bakarra iristen da barrura eta bakarrak ernaltzen du. Hori da haurdunaldiaren hasiera. Beranduago, enbrioi hori umetokiraino mugitzen da eta han hazten eta garatzen da bederatzi hilabetez, umea jaio arte.

Haurdunaldian zehar, umetokia handituz doa, umea ere barnean hazten doalako. Umea jaiotzear dagoenean, umetokiak puztutako globo baten tamaina dauka gutxi gorabehera. Likido amniotiko izeneko likido batez dago beteta. Umeak likido amniotiko horretan flotatzen du, eta pixka bat mugi daiteke.

Umekiak bizitzeko behar duen guztia amarengandik hartzen du. Umekia amaren odol-jariora konektatuta dago zilbor-hestearen bidez; hau tutu bat da, eta pertsona heldu baten hatzaren lodiera dauka, batez beste. Honen bitartez umekiari behar dituen mantenugai eta oxigeno guztia iristen zaio. Zilbor-hestea ugaztun ia guztiek daukate. Pertsonen kasuan, zilbor-hestea umea jaio bezain laster mozten da, eta zilbor-zuloa da geratzen zaigun arrasto edo marka.