Historia iraganean gertatutako guztiari buruz dakiguna da, batetik; eta, bestetik, zientzia edo jakintza-alor bat da, gizakion iragana eta gizakiek denbora guztietan osatu dituzten gizarteen iragana aztertzen duena.
Esanahia hobeto zehaztuz, gizakiak testuak edo lekukotasun idatziak utzi dituztenetik aurrerako garaiari deitzen diogu Historia; ordura arteko garai luzeari, berriz, Historiaurrea deitzen diogu. Beraz, idazkeraren asmakuntzak markatzen du Historiaurrearen eta Historiaren arteko muga. Baina idazkeraren asmakuntza ez zen gertatu mundu guztian aldi berean:
- Antzinako Egipto eta Mesopotamian, K.a. 3000. urte inguruan asmatu zen.
- Txinan, K.a. 1400 urte inguruan.
- Erdialdeko Amerikan, K.a. 900 urte inguruan.
- Europako mendebaldean, K.a. 400. urte inguruan.
Idazkeraren asmakuntza oso garrantzitsua da Historia ikertzen dutenentzat, historialarientzat, alegia; izan ere, iraganean idatzitako testuak behar-beharrezkoak dira garai urrun haien berri jakiteko, garai haietan bizi izandako norbaiten eskutik. Horrek ez du esan nahi aspaldiko garai haietatik iritsi zaizkigun testu idatziek beti egia esaten dutenik; baina, hala ere, oso baliagarriak izaten dira iragana ezagutzeko. Baina, testu idatziez gain, historialariek beste hainbat informazio-iturri ere erabiltzen dituzte iragana ezagutzeko: aztarna arkeologikoak, eraikinak, margoak, objektuak eta beste asko.
Historia deitzen dugun zientziak iraganeko jendearen bizimoduaren berri ematen digu. Lurrak, animaliek eta landareek ere historia dute, noski, baina horri "Historia naturala" deitzen diogu.
Historiako garaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Historian lau garai handi bereizi ohi dira:
- Antzinaroa: Historiaurrearen bukaeratik Erdi Aroaren hasiera arte; hau da, Erromatarren Inperioa desagertu zen arte (476. urtera arte).
- Erdi Aroa: Antzinaroaren bukaeratik (476. urtetik) XV. mendearen erdialdera arte.
- Aro Modernoa: Amerikaren aurkikuntzatik (1492tik) hasita Frantziako Iraultzara (XVIII. mende bukaera) arte.
- Aro Garaikidea: XVIII. mende bukaeratik gaur arteko garaia.