Hizkuntza
Hizkuntza gizakiok elkarrekin komunikatzeko daukagun modu bat da. Nagusiki, ahozkoa eta idatzia izan daiteke, baina baita keinu bidezkoa ere.
Ahozko hizkuntzei begiratzen badiegu, munduan 5.000-7.000 inguru omen daude; haietatik erdiak ez dute idazketa-sistemarik, hau da, ahozko hizkuntzak dira bakar-bakarrik. Asko eta asko, gainera, desagertzeko arriskuan daude, hiztun gehiagoko hizkuntza indartsuagoen eraginez.
Hiztun gehien duen hizkuntza txinera da; ondoren, ingelesa, gaztelania, hindia eta portugesa datoz.
Euskarak 700.000 hiztun inguru ditu.
Hizkuntzaz arduratzen den zientzia hizkuntzalaritza da.
Hizkuntzaren agerpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ezin da esan zehatz-mehatz gizakiak noiz hasi ziren hitz egiten; antza denez, australopitekoa, duela 4 milioi urte inguru, ez zen hitz egiteko gai: laringeak ez omen zion uzten soinurik ahoskatzen. Neandertala, aldiz, duela 70.000 urte inguru, seguru aski ba omen zen gai soinuak ahoskatzeko. Hala, bada, badirudi giza hizkuntza gure aroa baino 50.000-30.000 mila urte lehenago agertu zela.
Hizkuntzen familiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Munduko hizkuntzak familia edo taldetan sailkaturik daude, antzekotasunen arabera. Adibidez, gaztelania, frantsesa, katalana, galiziera eta italiera oso antzekoak dira, denak latinetik datozelako: hizkuntza latino edo neolatinoak dira.
Euskarak, ordea, ez dauka horren antzeko familiarik; hizkuntza isolatua dela esaten da, horregatik.
Familiarik zabalduenak indoeuropar hizkuntzak, afroasiar hizkuntzak eta sino-tibetar hizkuntzak dira.