Immunitate-sistema

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
irudian immunitate-sistemaren zelula bat -urdinez- mikrobio gaiztoak -gorriz- irensten

Immunitate-sistema gure organismoak mikrobio gaiztoen aurka borrokatzeko duen elementuen multzoa da. Mikrobio gaiztoek gaixotasun infekziosoak sortzen dituzte (adibidez, gripea, katarroa, faringitis edo eztarriko mina, eta beste batzuk larriagoak). Immunitate-sistemari esker gure gorputzak, bakarrik edo botika batzuen laguntzarekin, mikrobio horiek suntsitzen ditu.

Immunitate-sistema elementu ezberdinek osatzen dute. Alde batetik, odolean dauden zelula bereziak (batez ere globulu zuriak edo leukozitoak), bakterioak eta birusak irentsi eta hiltzen dituztenak. Leukozito horien artean makrofagoak, neutrofiloak eta linfozitoak dira garrantzitsuenak.

Bestalde, immunitate-sistemaren zelula berezi batzuek garrantzi handiko substantziak ekoizten dituzte (antigorputz izeneko substantziak), mikrobio gaiztoak ere neutralizatzen dituztenak. B linfozito izeneko zelulak dira antigorputzak sortzen dituztenak.

Txertoen helburu nagusia, hain zuzen ere, antigorputzak sortzea da, gure organismoak -antigorputz horien bidez- mikrobio gaiztoak suntsitu ahal izateko. Txertoak prebentiboak dira, gaitza sortu aurretik jarri behar dira. Modu horretan, mikrobio kaltegarria gure gorputzean sartzen bada, aldez aurretik sortutako antigorputzek mikrobio hori laster ezabatuko dute.

HIESaren birusak immunitate-sistemaren zelulak kaltetzen ditu eta, ondorioz, HIESa duten gaixoek immunitate-sistema oso ahula dute. Horregatik, gaixo horiek gaixotasun infekziosoak harrapatzen dituzte sarritan.

Batzuetan immunitate-sistemak ez du zuzen funtzionatzen eta, mikrobio gaiztoen aurka borrokatu beharrean, gure gorputzeko organo batzuei eraso egiten die. Horrela sortzen dira gaixotasun autoimmuneak.