Vikidiatik

Iraungitako espezie

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Dinosauroak duela miloika urte iraungi ziren

Iraungitako espezieak behin betiko galdu direnak dira. Hau da, espezie bateko ale edo kide guztiak hiltzen direnean, espezie hori iraungi egin dela esaten da, hau da, betiko desagertzen da. Desagertze horri iraungipena deitzen zaio.

Zergatik iraungitzen dira espezieak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie bat iraungitzeko edo desagertzeko arrazoirik ohikoena izaten da haien habitatak aldaketa handi bat izaten duela bat-batean; aldaketa horren eraginez, oso zaila edo ezinezkoa izaten da espezie horrentzat bizirik irautea. Hori gertatzen da, adibidez, janaria aurkitzeko arazo larriak izaten dituztenean, edo horretarako behar dituzten baldintzak desagertzen direnean.

Espezie baten habitata arrazoi askorengatik alda daiteke: uholdeengatik, lehorteengatik, suteengatik, sumendien leherketagatik edo bestelako gertaera naturalengatik. Baina, askotan, gizakien eraginez gertatzen da: gizakiek eragin handia izaten dute habitaten eta ingurumenaren aldaketan, eta horrek kalte handiak eragiten dizkie izaki bizidunen espezie askori; adibidez, basoak mozten edo erretzen direnean, gizakiak hezeguneak lehortzen dituenean nekazaritza-lur bihurtzeko, presak eraiki eta ibaien emaria gutxitzen duenean, edo animaliek bizitzeko behar dituzten lurretan eraikuntzak egiten direnean. Gizakien jarduerak eragindako kutsadurak ere izaki bizidunen iraungipena ekar dezake.

Espezie baten galera dakarten aldaketa batzuk eremu txiki batean gerta daitezke; baina beste batzuk, aldiz, mundu osoan izaten dute eragina, aldaketa globalak izaten dira. Esate baterako, klimaren aldaketa oso aldaketa azkarrak eragiten ari da mundu osoan, eta espezie asko desagertzeko arriskuan egon daitezke horregatik.

Beste alde batetik, historian zehar, gizakiak zuzenean eragin du espezie batzuen galera, gehiegizko ehizagatik. Hori gertatu omen zen duela 10.000 urte inguru mamutekin, itxura batean.

Iraungipen masiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan denbora gutxian espezie asko iraungitzen edo desagertzen dira batera. Horri iraungipen masiboa deitzen zaio. Iraganean, honelako hainbat iraungitze masibo gertatu dira. Horrelakoetan, animalia espezie asko desagertu ziren. Hala ere, beste espezie batzuk bizirik atera ziren eta, milioika urteren ondoren, espezie berriak garatu ziren.

Iraungipen masiborik handiena duela 248 milioi urte inguru gertatu zen, uretan bizi ziren bizkarrezurrik gabeko animaliak iraungi zirenean. Beste desagertze masibo bat duela 65 milioi urte gertatu zen, lehorrean bizi ziren animalia asko desagertu zirenean, dinosauroak, adibidez.

Dinosauroen iraungipena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dinosauroak duela 215 milioi urte agertu ziren lehen aldiz Lurrean. Lurreko animaliarik garrantzitsuenak izan ziren 150 milioi urte baino gehiagotan. Duela 65 milioi urte, ordea, den-denak desagertu ziren.

Zientzialari askok uste dute asteroide handi bat izan zela iraungipen masibo hori eragin zuena. Asteroideak Lurrarekin talka egin zuenean, talkak aldaketa handiak eragin zituen planeta osoan: hauts lodiak eta beste material batzuek eguzkia estali zuten, tenperaturak behera egin zuen eta landareak ezin izan ziren hazi. Dinosauroek ezin izan zuten iraun tenperatura baxuetan eta elikagai faltan. Aldiz, lehenengo hegazti eta ugaztun espezieek bizirik iraun zuten.

Ugaztun handien iraungipena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mamut iletsua

Duela 10.000 urte, beste iraungipen misteriotsu bat gertatu zen. Irangipen honetan, ugaztu-espezie batzuk desagertu ziren, Ipar Amerikan bereziki; haien artean, mamut iletsuak eta sable hortzdun tigreak zeuden.

Zientzialariek ez dakite ziur zergatik gertatu zen ugaztun handi horien iraungipena; batzuek uste dute gizakien kopurua asko handitu zela eta animalia gehiegi ehizatu eta hil zituztela. Beste teoria bat da klima aldatu egin zela eta, horren eraginez, janaria aurkitzea asko zaildu zela.

Badago gaur egun iraungitzeko arriskuan dagoen espezierik?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai, zoritxarrez. Azken 200 urteetan, munduak animalia espezie asko galdu ditu. Eta, oraintxe bertan, beste ehunka espezie daude betiko desagertzeko zorian.

Gobernu batzuk eta jende asko gogor ari dira lanean desagertzeko arriskuan dauden espezieak babesteko. Legeek animalia batzuen habitatak babesten dituzte, kutsadurarik ez egoteko eta habitat horiek ez galtzeko. Leku askotan, legez kanpokoa da galzorian dauden animaliak ehizatzea. Espezie batzuek ondo erantzuten diete babes-neurri horiei, eta ugaritu egin dira; baina beste batzuek ez dute hainbesteko zorterik izan.