Vikidiatik

Kaukaso mendikatea

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Kaukaso mendikatearen kokapena.

Kaukaso mendikatea Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren artean dagoen mendi altuen multzoa da. 1.000 kilometrotik gorako luzera du eta haran zabal batek banatutako bi mendilerroz osatuta dago. Iparraldeko lerroari Kaukaso Handia deitzen zaio eta hegoaldekoari, aldiz, Kaukaso Txikia. Kaukasoko mendirik altuena Elbrus da (5.642 m).

Mendikate hau Europaren eta Asiaren arteko muga izan da antzinatik. Greziarrek, erromatarrek eta persiarrek euren inperioen nagusitasunaren alde borrokatu zuten bertan; geroago, Errusiak eta Otomandar Inperioak liskar asko izan zituzten elkarren artean. Gaur egun ere bertako herrien arteko liskarrak gertatzen dira, mugak ez baitaude argi beti. Gaur egun 30 milioi pertsona inguru bizi dira eskualde hauetan, batez ere, Georgian, Armenian eta Azerbaijanen. Errusia iparraldean dago eta Turkia eta Iran, aldiz, hegoaldean.

Kaukasoko biztanleen artean, musulmanak eta kristau ortodoxoak aurkitzen dira. Armeniako eta Georgiako elizak munduko eliza kristau zaharrenen artean daude.

Nola sortua da mendikate hau?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaukaso mendikate tolestua da, Alpeak bezala. Milioika urtetan zehar Arabiar penintsula eta Asiako kontinentea bata bestearen aurka bultzaka egon direlako sortu zen. Horregatik gertatzen dira behin eta berriz lurrikarak eskualde honetan. 25.000 pertsona baino gehiago hil ziren Armenian 1988ko lurrikara handiaren ondorioz.

Kaukasoko paisaia bertako klima bezain askotarikoa da: Itsaso Beltzaren mendebaldeko muturrean subtropikala da; beroa eta hezea da eta baso berdeak hazten dira, fruitu, barazki eta mahastiekin batera. Ekialdean, ordea, estepa lehorrak eta basamortuak daude, eta tontor altuenetan elurra dago urte osoan. Kaukason oraindik bizi dira Europako beste leku batzuetan jada hil diren animalia espezie batzuk, adibidez, hartzak, otsoak eta bisonteak.

Kaukasoko biztanleria nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi da nagusiki, eta Itsaso Beltzekoa turismotik ere bizi da. Eskualde batzuetan petrolioa ateratzen da, adibidez, Kaspiar Itsasoan.

Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]