Klima
Klima deitzen diogu halako leku jakin batean urtean zehar egiten duen eguraldiari, haren ezaugarriak eta aldaketak kontuan hartuz, beti ere epe luzeak erabiliz neurtuta. Klimatologia da klima aztertzen duen zientzia. Klima aztertzean, hainbat fenomeno aztertzen dira, estatistikak erabiliz, urteko edo hilabeteko epeetan: tenperatura, euria, eguzki-argia, hezetasuna, haizearen abiadura, etab. Normalean, leku edo eskualde bateko klima zein den ezagutzeko edo aditzera emateko, halako grafika batzuk egiten dira, klimograma izenekoak: horietan, urte baten barruan, hilabete bakoitzean egon den batez besteko tenperatura eta prezipitazioak (euria nagusiki) neurtzen dira.
Epe laburretako aldaketak (egun batzuk edo asteren bat irauten dutenak) eguraldiari dagozkio, ez klimari, eta meteorologia izeneko zientziak aztertzen ditu.