Vikidiatik

Klima epel

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Klima epela duten lurraldeak

Klima epelak munduko eskualde epeletan dauden klimak dira, hau da, tropikoen eta zirkulu polarren artean, bai ipar hemisferioan eta baita hego hemisferioan ere.

Bizitzeko baldintza egokiak eskaintzen dituzte, eta lau urtaro izaten dituzte (udaberria, uda, udazkena eta negua); urtaro horien artean, alde handiak daude prezipitazioetan eta tenperaturetan. Urtaroen arteko desberdintasun hauek gertatzen dira eguzki izpien inklinazioa urtaroen arabera aldatzen delako, eta, beraz, tenperatura ere aldatu egiten da. Batez besteko tenperaturak 0 °C eta 20 °C artekoak izango dira; hau da, urteko batez besteko tenperatura horiek ez dira muturrekoak izaten, ez oso beroak ezta oso hotzak ere.

Klima epeleko lurraldeek oso eguraldi aldakorra izan dezakete: egun bat eguzkitsua, hurrengoa euritsua, eta ondoren lainotua.

Munduko biztanleria gehiena klima hauek dituzten eskualdeetan bizi da, batez ere ipar hemisferioan.

Zein dira klima epelak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima epel nagusiak honako hauek dira:

  • Klima ozeanikoa: prezipitazioak ugariak eta erregularrak izaten dira urte osoan zehar. Tenperaturak leunak izaten dira, zabaltasun termiko txikiarekin (tenperatura maximoen eta minimoen arteko alde txikiarekin).
  • Klima mediterraneoa: prezipitazioak urriak eta irregularrak izaten dira, lehorteak egoten direlarik udan. Tenperaturak leunak izaten dira neguan eta beroak udan.
  • Klima kontinentala: prezipitazioak urriak eta irregularrak izaten dira, maximoak udan gertatzen direlarik. Tenperaturek kontraste handia erakusten dute: udak beroak eta neguak hotzak izaten dira.