Vikidiatik

Kutsadura

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Airea kutsatzen duen lantegi edo fabrika bat.

Kutsadura gai edo substantzia batzuek ingurumena kaltetzen dutenean gertatzen da. Ingurumena kaltetzeaz gain, substantzia horiek izaki bizidunak ere (landareak, animaliak...) kaltetzen dituzte. Substantzia kaltegarri horiei kutsagarri edo kutsatzaile deitzen zaie.

Industrializazioaren ondorioz eta aurrerapen teknologikoen ondorioz gizakia hasi zen duela 200 urte ingurumena kutsatzen. Gaur egungo lantegi askotan substantzia kutsagarriak sortzen dira, airea, ura eta lurzorua kutsatzen dutenak.

Airearen kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesu industrial askotan gas kutsagarriak sortzen dira, atmosfera zikintzen dutenak. Ke moduan botatzen dira maiz gas kutsatzaile horiek. Ke hauek arnastea kaltegarria izan daiteke guretzat. Industriak eta ibilgailuak dira airearen kutsadura gehien sortzen dutenak.

Gas kutsatzaileen artean karbono dioxidoa eta metanoa daude, berotegi-efektua sortzen dutenak. Eta baita sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoa ere, euri azidoa eragiten dutenak. Berotegi-efektua oso kaltegarria da Lurraren tenperatura igotzen duelako, eta euri azidoa ere bizidun asko kaltetzen dituelako.

Uraren kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak, lakuak eta itsasoak zikintzen dira kutsaduraren ondorioz, sarritan landareek eta arrainek ere kalte handiak jasotzen dituzte eta hiltzen dira. Gaur egun herrialde askotan herrietatik datozen ur zikinak araztegietan garbitzen dira, eta kutsadura organikoa asko murrizten da. Baina giza jarduera industrialak kutsadura inorganikoa ere sortzen du, kutsadura kimikoa: lantegi batzuek detergenteak, metal kutsagarriak, olioak, etab. botatzen dituzte ibaietara. Zabortegiek, nekazaritzan erabiltzen diren pestizidek, petrolio isurketek..... ura ere (ibaiak eta itsasoak) zikindu ditzakete.

Uraren kutsadura gutxitzeko lege zorrotzak daude, industriek ahalik eta gutxien zikintzeko eta hiri eta herrietan sortzen diren ur zikinak (estolderietatik joaten direnak) araztegietan garbitzeko.