Vikidiatik

Lehen sektorea

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Txakolin-mahastia Getarian.

Ekonomiako lehen sektorean naturatik baliabideak lortzeko egiten diren jarduerak sartzen dira, batez ere elikagaiak lortu eta ekoiztearekin loturik daudenak; hau da:

Jarduera hauek denak landa-eremuetan, basoetan eta itsasoan edo itsasertzean egiten dira, normalean hiri handietatik aparte.

Lehen sektore izena du gizakiok bizirauteko behar ditugun baliabiderik oinarrizkoenak ematen dituelako, elikagaiak alegia, eta baliabide horiek beste jarduera ekonomiko batzuetarako oinarrizkoak diren produktuak izaten direlako. Alde horretatik, giza jardueraren sektorerik zaharrena ere bada, eta behar-beharrezko sektore ekonomikoa izaten jarraitzen du gaur egun ere.

Lehen sektoreak lehengaiak eta energia-iturriak ematen ditu bigarren sektorerako, baina hirugarren sektoreko zenbait jarduera ere ahalbidetzen ditu, hala nola garraioa, eraikuntza, merkataritza eta abar.

Lehen sektorearen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, lehen sektoreko jarduerak dira gizakiek garatutako jarduera ekonomikorik zaharrenak. Izan ere, gizakiak Paleolitotik erabili ditu basoetako baliabideak (egurra, fruituak, landareak...) bizirik iraun ahal izateko. Hasieran, gizakiak naturan aurkitzen zituen baliabideak bildu egiten zituen,, edo, animaliak baziren, ehizatu egiten zituen; gizakiak, beraz, ehiztariak eta biltzaileak ziren hasieran. Nekazaritza eta abeltzaintza baino lehenago, gizakiak elikagaiak lortzeko zeukan modua zen.

Geroago, gizakiak elikagai horiek eskuratzeko beste modu bat aurkitu zuen: nekazaritza. Nekazaritzaren aurkikuntzak iraultza handi bat ekarri zuen gizakien bizitzan; Iraultza Neolitikoa deitzen diogu. Ehiztari biltzaileen lehen herri nomadek lurra lantzen ikasi zuten eta, horren eraginez, euren bizimodua guztiz aldatu zuten: sedentarioak egin ziren, hau da, leku finko batean bizitzen hasi ziren, eta bertan euren elikagaiak ekoizteari ekin zioten.

Nekazaritzaren aurkikuntzarekin batera, abeltzaintza sortu zen. Pertsonak animalia-espezie batzuk hezten eta hazten hasi ziren. Abeltzaintzarekin elikagaiak (haragia, esnea, arrautzak, koipea...) eta larruak lortzen ziren. Gainera, animaliak nekazaritza lanetarako eta garraiorako ere hasi ziren erabiltzen.

Lehen sektorearen oraina eta etorkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, munduan jende gehien enplegatzen duen sektorea da, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan; horregatik, ekonomiaren sektore hau oso garrantzitsua da herrialde horientzat. Herrialde garatuenetan, aldiz, askoz jende gutxiagok lan egiten du sektore honetan.

Gaur egungo ekoizpen-sistema aurreratuei esker, lehen sektorea gai da berez munduko biztanleria guztiarentzako elikagaiak ekoizteko. Hala ere, munduan oraindik badira gosez hiltzen diren pertsonak, batez ere ekonomikoki garatugabeko herrialdeetan, baina baita gehiegi jateagatik arazo fisikoak eta gaixotasunak dituzten pertsonak ere, batez ere herrialde garatuetan.

Herrialde garatuetako lehen sektorea gehiegi ustiatzen ari da ingurune fisikoa; askotan, ingurumena hondatzen ari da, nekazaritzako, abeltzaintzako, arrantzako eta meatzaritzako jardunbide okerren ondorioz. Etorkizunari begira, elikagaiak modu eutsigarri edo jasangarrian ekoiztea izan behar da lehen sektorearen lehentasunik handienetako bat; hau da, gaur egungo belaunaldien beharrak asetzen saiatzea etorkizuneko belaunaldien iraupena arriskuan jarri gabe.