Vikidiatik

Literatura

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Euskaraz inprimatutako lehen liburuaren azala.

Literatura hitzak eta hizkuntza ahoz nahiz idatziz erabiltzen dituen artea da. Normalean, literatura idazlanekin lotzen dugu, baina ahozko literatura ere badago, herri kanta eta kontakizunak, adibidez. Dena den, idazlan guztiak ez dira literatura: liburu edo idatzitako testu askok informazioa besterik ez dute ematen; eta literaturan, aldiz, autoreak arreta berezia ipintzen du hitzak aukeratzeko; literaturan oso garrantzitsua da nola idazten den, artea delako eta, arte guztiak bezala, edertasuna bilatzen duelako, hizkuntzaren erabilerari lotutako edertasuna, kasu honetan.

Literatura-lanik ohikoenak narrazioa (nobela edo eleberriak eta ipuin edo kontakizun laburrak), poesia eta antzerkia dira.

Literatura-forma nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, bi forma nagusi bereiz daitezke literaturaren barruan:

  • Poesia: bertso edo hitz neurtuak erabiltzen dituena; bertsoak hitzen halako neurkera, halako erritmoa eta halako soinuak erabiliz eratutako lerro gehienetan laburrak izaten dira. Bertsoek batzuetan errima dute (hots berdinez amaitzen dira; adibidez, "maitasuna" eta "leuna" hitzek errima egiten dute), baina beste batzuetan ez.
  • Prosa: hitz laua edo ohiko hizketa-modua erabiltzen duena. Nobela edo eleberriak, ipuin edo kontakizun laburrak, antzerkia eta saiakera dira prosan idatzitakoak. Prosaren barruan, beste bi mota nagusi daude:
    • Fikzioa: autoreak asmatutako kontakizunak; eleberriak eta ipuinak.
    • Ez-fikzioa: ideiak lantzen dituzten lanak; saiakerak, oroitzapenak, gogoetak, gutunak, artikuluak.

Literatura modernoan fikzioak eta poesiak dute pisu handia; baina fikziozkoak ez diren lanak ere izan daitezke maila handiko literatura.

Bestalde, literatura era guztietako irakurleentzat egiten da. Horregatik, badaude haur eta gazteentzako literatura eta helduentzako literatura.

Nola garatu zen literatura?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahozko literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazkera sortu zenean, hasieran ez zen erabili istorioak kontatzeko; berez, merkataritzaren eta ekonomiaren beharretarako hasi zen erabiltzen. Istorioak eta kontakizunak ez ziren idazten, ahoz kontatzen baizik. Ahoz kontatzen edo kantatzen den literaturari ahoko literatura deitzen zaio.

Gizarte guztietan, jende edo belaunaldi zaharrenek belaunaldi gazteei kontatzen dizkiete beren istorioak, edo kantatzen beren abestiak. Horrela, literatura mota horrek belaunaldiz belaunaldi iraun du hainbat mendetan zehar. Kantuen edo poesiaren kasuan, errimak eta neurriak erabiltzen ziren, hitzak hobeto gogoratzeko.

Baina, noski, ahozko literaturako istorio eta kontakizun asko galdu egin dira, ahazten direlako edo beste arrazoi batzuengatik. Horrela, idazkeraren erabilera zabaltzen hasi zenean, ahozko literatura ere hasi zen idazten; ahozko literaturako istorioak ez galtzeko egiten zen hori.

Literatura idatzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inprimatzeko makina baten erreplika.

Munduko kultura askok sortu dituzte idatzizko literatura aberatsak ere. Laburpen honetan, haietako batzuk bakarrik aipatu ahalko ditugu.

Antzinako literatura-lan asko epikoak ziren, epika deitzen den alorrekoak: heroi batzuen abenturei buruzko poema luzeak. Adibidez, ''Gilgamexen epopeia'' duela gutxienez 3.500 urte idatzi zen Mesopotamian; Gilgamex izeneko errege baten abenturak kontatzen ditu poema epiko honek. Antzinako beste literatura-lan epiko batzuk Indiako ''Mahabharata'' eta antzinako Greziako Iliada eta Odisea dira, ustez Homero izeneko poeta klasiko batek eginak. Antzinako Grezian, hainbat antzerki eta poesia-lan ere idatzi ziren, bai eta fikziozkoak ez diren testu asko ere.

Ekialde Ertainean eta Asian, ipuin-kontalariek kontatzen zituzten Mila gau eta bat gehiago izeneko ipuin sortako istorioak; IX. edo X. mendean idatzi omen ziren ipuin horiek, eta geroago munduko beste hizkuntza askotara itzuli ziren XIX. mendetik aurrera.

Gure aroko 1000. urte inguruan, Murasaki Shikibu izeneko idazle japoniar batek Genjiren istorioa izeneko eleberri bat idatzi zuen; aditu batzuen ustez, munduan idatzitako lehen eleberri edo nobela da.

Dena den, literatura idatzia berez XV. eta XVI. mendeetan hasi zen zabaltzen eta jende askorengana iristen. Kontuan izan behar da inprimatzeko makina XV. mendearen erdian asmatu zuela Johannes Gutenberg alemaniarrak. Ordura arte, liburuen ale bakoitza eskuz kopiatu beharra zegoen; hori oso lan handi eta garestia zen, eta, ondorioz, liburu baten kopia oso gutxi egin zitezkeen, eta oso erraza zen denak galtzea; gainera, oso jende gutxirengana bakarrik iristen ziren, jende ahaltsu eta aberatsengana. Inprimatzeko makinari esker, berriz, liburu baten kopia asko eta asko egin zitezkeen, azkar eta merke. Horri esker, liburuak asko ugaldu ahal izan ziren eta, batez ere, jende gehiagorengana iristen hasi ziren.

Garai hartakoak dira munduko literatura unibertsalak eman dituen idazle handienetako batzuk: William Shakespeare ingelesa eta Miguel de Cervantes espainiarra.

Euskal literatura idatziak ere mende horietan izan zuen lehen agerpena, Bernart Etxeparek 1545ean argitaratu zuenean Linguae vasconum primitiae izeneko poema bilduma.

XIX. eta XX. mendeetan, poesian aldaketa handiak hasi ziren gertatzen. Ordura arte, poesiek oso arau zorrotzak izaten zituzten, errimari eta neurriari dagokienez; mende horietan, aldiz, bertso librea izenekoa hedatzen hasi zen; hau da, errimarik edo neurririk gabeko bertsoa, ahozko hizkeratik hurbilagokoa. Narrazioak eta eleberriak ere aldaketa asko izan zituen, batez ere XX. mendean. Horrela, adibidez, James Joyce izeneko idazle irlandarrak bakarrizketak erabili zituen bere lanetan; hau da, pertsona bakar batek bere buruarekin eginiko hizketa edo pentsamendu luzea, lehen pertsonan egina. Era honetan, idazleak pertsonaiaren pentsamenduak balira bezala antolatzen du kontakizunean sartzen dituen gauzak.