Lokomozio

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Lokomozioa leku batetik beste batera mugitzeari ematen zaion izena da. Lokomozio hitzarekin bai izaki bizidunek eta baita makina batek ere egiten duten edo egin dezaketen mugimendua adierazten da.

Hitzaren jatorria jakiteak bereziki laguntzen du haren esanahia ulertzen: izan ere, latinezko "locus" (lekua) eta "motio" (mugitzea) hitzak elkartuz sortutakoa da; beraz, "lekuz mugitzea" esan nahi du.

Lokomozioa lurrean: ostrukak.
Lokomozioa lurrean: Kanguruak.
Lokomozioa airean: kaioak.

Lokomozioa modu askotakoa izan daiteke, egiteko moduari, inguruari, abiadurari eta beste ezaugarri batzuei begiratuta. Lokomozioa non gertatzen den kontuan hartuz gero, lurrekoa, uretakoa edo airekoa izan daiteke, eta inguru bakoitzean modu desberdinean egiten da. Lurrean, adibidez, ibiltzea, korri egitea eta narrasean aritzea dira lokomozio-modu nagusiak; urtean, berriz, igeri egitea; eta, airean, hegan egitea.

Mugimendua gertatu ahal izateko, energia behar da, grabitatearen indarra eta ingurunearen igurtzia gainditzeko, hain zuzen: mugi daitezkeen izaki bizidunek janarietatik ateratzen dute energia; gizakiek eraikitako makinek, berriz, motore bat behar dute eta energia-iturri bat. Adibidez, bizikleta bat ez da bere kabuz mugitzen; bizikletan gabiltzanean, gu geu gara bizikletaren motorea eta energia-iturria. Auto batek, berriz, motore bat dauka eta gasolina edo antzeko erregai bat behar du mugitu ahal izateko.

Lokomozioa uretan: marrazoa.
Narrasti baten lokomozioa: sugea.

Lur-ingurune batean egindako lokomozioan, batez ere grabitatearen indarra gainditzeko behar da energia. Aireak igurtzi edo frikzio gutxi eragiten du normalean (haize oso handia dagoenean izan ezik), eta gauza bera gertatzen da lurrarekin berarekin ere, baina ez, ordea, narrastientzat; narrastientzat lurraren igurtzia askoz handiagoa da.

Ur-ingurune batean, uraren igurtzia izaten da lokomoziorako oztopo nagusia, eta grabitateak, aldiz, garrantzi gutxiago du. Horregatik, uretan bizi diren animalia askok gorputza oso ondo egokituta dute igurtzi hori ahalik eta gehien gutxitzeko eta, beraz, lokomozioa errazteko. Horregatik izaten dira oso zapalak arrainak, adibidez; haien formari esker, energia gutxiago gastatu behar dute mugitzeko. Uretako beste animalia batzuek, aldiz, ez dute hain forma egokia izaten eta, horregatik, askoz energia gehiago gastatu behar izaten dute, eta, horretarako, elikadura-behar handia ere badute.

Aire-ingurune batean, airearen igurtzia eta grabitatearen indarra gainditu behar dira. Horregatik, hegaztiek gorputz aerodinamikoak izaten dituzte, airearen igurtzia ahalik eta gehien gutxitzeko; eta, gainera, hezur arinak izaten dituzte, grabitatearen eragina ere gutxitzeko. Hegaztiek bezala, hegazkinek ere forma aerodinamikoa izaten dute airearen igurtzia gutxitzeko, eta energia artifizial asko behar izaten dute grabitatea gainditzeko. Hegazkinen antzera, gizakiak eraikitako ibilgailu gehienek energia artifiziala behar izaten dute mugitu ahal izateko, petroliotik ateratako erregaiak bereziki, eta eragin handia dute ingurunearen kutsaduran; baina, bestalde, distantzia luzeak denbora gutxian egiten uzten digute, eta, beraz, oso baliagarriak eta beharrezkoak dira. Etorkizunera begira, garrantzitsua izango da energia-iturri garbiak erabiltzea ibilgailu-mota guztietan.

Izaki bizidunen, eta, bereziki, ornodunen lokomozioan (gizakion lokomozioan, adibidez), hiru sistema behar dira lokomozio-funtziorako:

  • Eskeletoa: elementu sendo eta artikulatuak eskaintzen ditu, mugimendua eragiten duten indarrak aplikatu eta biderkatzeko.
  • Gihar edo muskuluak: eskeletoko hezurrak mugitzeko indarra aplikatzen dute, uzkurtuz eta lasaituz.
  • Nerbio-sistema: giharren uzkurdura eta lasaiketa kontrolatzen du.