Mendebalde

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Mendebaldea W hizkiaz markatzen da haize-arrosa delakoan.

Mendebaldea edo sartaldea lau puntu kardinaletako bat da. Kardinal hitzak nagusi esan nahi du; beraz, zerumugako lau puntu nagusietako bat da, eguzkia sartzen den aldeari dagokiona, zehazki.

Beste hirurak iparra edo iparraldea, hegoa edo hegoaldea, eta ekialde edo sortaldea dira.

Lau puntu kardinalak irudikatzen direnean, haize-arrosa delakoan, mendebaldea ezkerraldean dagoena da, eta W batez markatuta egon ohi da, (ingelesezko West hitzagatik). Mendebaldea ekialdearen kontrako puntua da.

Zergatik esaten dugu munduaren mendebaldean bizi garela?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebalde hitza askotan erabiltzen da Europa eta Amerika izendatzeko. Hori hala da europarrek egindako lehen mapetan, orduan ezagutzen zuten mundu bakarra Europa, Afrika eta Asiaz osatuta zegoelako; Asiari ekialde deitu zitzaion, eguzkia handik ateratzen zelako, iparraldera begira jarrita eskuinaldera. Eta Europa, beraz, mendebaldean kokatuta zegoen, sartaldean, hau da, eguzkia sartu edo ezkutatzen den lekuan, iparraldera begira jarrita ezkerrera.

Geroago, Amerika aurkitu zutenean, mapetan Europaren ezkerralderago ipini behar zuten kontinente berria, mendebalderago. Hortik aurrera, europarrek egindako mapetan, gure kontinentea beti munduaren erdian agertzen zen. Jakina, Lurra esfera bat da eta, hortaz, ez dauka inolako erdirik bere azalean, baina europarrek horrela ikusten zuten (eta ikusten dugu oraindik) mundua.

Horren ondorioz, Europa eta Amerikari Mendebalde deitzen zaie, bai zentzu geografikoan eta baita zentzu politikoan ere. Eta Ekialde, berriz, Turkiatik hasita Asiaren ertzerainoko mundu zatiari, eta azken honen barruan, bi zati bereizten dira: Ekialde Hurbila eta Ekialde Urruna, beti ere Europaren ikuspegitik begiratuta.