Minotauro

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Minotauroren eskultura.

Minotauroa greziar mitologian, zezen-burua eta giza gorputza zuen eta giza haragia jaten zuen piztia edo izaki izugarri bat zen. Kreta uhartean jaio zen, Minos erregearen emazte Pasifaeren eta Poseidon jainkoak oparitutako zezen zuri baten arteko erlazioetatik. Zezena sakrifikatzeko asmoz oparitu zion Poseidonek Minosi, baina honek, hain animalia baliotsua hil nahi izan zuenez, Poseidonek, zigortzeko, Pasifae piztiaz maitemintzea eragin zuen.

Minotauroak giza haragia baino ez zuen jaten, eta hazten zen heinean basatiago bihurtzen zen. Izakia kontrolaezina bilakatu zenean, Minosen aginduz, Dedalo izeneko arkitekto batek Kretako labirinto ospetsua eraiki zuen, Minotauroa bertan itxita uzteko. Labirintoa egitura erraldoi bat zen, norabide desberdinetan zihoazen hainbat korridorerekin, nbaina haietako bakarra iristen zen labirintoaren erdigunera, Minotauroa zegoen lekura, hain zuzen.

Hainbat urtez, Minosen aginduz Atenaseko zazpi neska eta zazpi mutil utzi behar ziren labirintoan, bertan galdu eta, munstroarekin topatzen zirenean, haien elikagai bihurtzeko. Ohitura basati horrekin amaitzeko, Teseo heroiak bere burua eskaini zuen sakrifiziorako. Kretara heldu zenean, Ariadna, Minos eta Pasifaeren alaba, berarekin maitemindu zen. Ariadnak Teseori labirintotik irteten lagunduko zion plan bat pentsatu zuen, piztia garaitzen bazuen: hari luze baten muturrari helduta, Teseo labirintuan sartu zen eta Ariadna kanpoan geratu zen, hariaren beste muturrarekin. Teseok Minotauro aurkitu eta hil egin zuen, eta Ariadnaren hariari esker, irteera aurkitu ahal izan zuen.