Vikidiatik

Museo

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Donostiako San Telmo Museoa.

Museoa naturan dauden edo gizakiak sortutako objektuen bilduma bat gordetzen duen eraikina da. Museoetan, artearen, historiaren, teknologiaren edo zientziaren aldetik interesa duten objektuak biltzen, sailkatzen eta erakusten dituzte.

Zein museo mota daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museo asko alor edo gai bakar batekoak dira: badira, beraz, arte-museoak, zientzia-museoak, historia-museoak, bai eta beste asko ere.

Arte-museotan, margolanak, eskulturak eta bestelako artelan garrantzitsuak ikus daitezke. Gehienetan, historiako estilo eta garai desberdinetako artelanak erakusten dituzte; baina beste museo asko, berriz, garai jakin bateko, artista jakin baten edo estilo artistiko bakar bateko artelanetan espezializatzen dira, arte modernoan, esate baterako. Euskal Herrian, mota honetakoak dira Gasteizko Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa.

Zientzia-museoek, aldiz, zientziaren eta teknologiaren arlo ezberdinak azaltzeko erabiltzen dituzte beren bildumak. Haien bildumetan, iraganeko eta oraingo makinak eta erremintak egoten dira askotan ikusgai. Oso leku interesgarriak izaten dira unibertsoari, medikuntzaren aurrerapenei, elektronikari edo bestelako gai zientifikoei buruz ikasteko. Euskal Herrian, mota honetakoa da Donostiako Zientzia-Museoa, adibidez.

Historia-museoek antzinako gizakien bizitza nolakoa izan zen erakusten duten objektuak biltzen dituzte: tresnak eta erremintak, armak, etxerako gaiak, ibilgailuak, argazki zaharrak eta beste objektu mota asko aurki daitezke museo hauetan. Euskal Herrian, mota honetakoa da Donostiako San Telmo Museoa, adibidez.

Historia naturaleko museoek, ordea, Lurraren historia naturala eta landareak, animaliak, arrokak eta bestelako objektu naturalak erakusten dituzte. Arabako Natura Zientzien museoa da mota honetakoa.

Badira muso batzuk bai arteari eta baita historiari buruzko objektuak ere biltzen dituztenak. Horrelakoa da, adibidez, Nafarroako Museoa, Iruñean dagoena.

Museo batzuek oso bilduma espezifikoak dituzte. Adibidez, Azpeitiako Burdinbidearen Euskal Museoan trenekin eta trenen historiarekin loturiko hainbat material ikus daitezke, eta aspaldiko tren batean bidaiatzeko aukera ere ematen du.

Nola funtzionatzen dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museo gehienak publikoarentzat irekita daude: jendeak objektuen bildumak ikusteko bisitatzen ditu museoak. Museoen bildumek informazio oso interesgarria ematen diote jendeari mundu naturalari edo giza kulturari buruz. Kasu askotan, ikustaldi gidatuak, hitzaldiak eta ekitaldi bereziak ere antolatzen dituzte. Batzuetan, zientzialariek eta bestelako adituek beren ikerketak egiteko erabiltzen dituzte museoak.

Museoek objektuak erosi edo norbaitek dohaintzan emandako objektuak jasotzen dituzte beren bildumetan. Museo gehienetan, hainbat objektu erakusten dira denbora guztian, erakusketa iraunkorrean. Beste batzuetan, ostera, halako objektu jakin batzuk ere erakusten dituzte denbora mugatu batean. Horiei aldi baterako erakusketak deitzen zaie; erakusketa mugatu horietan, beste museo edo bildumagile pribatu batzuek aldi baterako bakarrik utzitako objektuak jartzen dira ikusgai. Bestalde, kasu askotan, museoek inoiz erakusten ez diren objektuak ere izaten dituzte; ikertzaileek bakarrik ikus ditzakete objektu horiek.

ep:Museo