Vikidiatik

Niagarako ur-jauziak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ferra forma duen Horseshoe Falls ur-jauzia

Niagarako ur-jauziak Ipar Amerikako naturagune ederrenetako bat dira. Niagara ibaitik sortzen diren ur-jauzi multzo bat dira eta Estatu Batuetako New York estatuaren eta Kanadako Ontario probintziaren artean daude. Urak erortzean egiten duen zarata handiaren ondorioz, Irokesek Niagara izena jarri zieten, “ur-trumoia" esanahia duena.

Goat Island izeneko uharte batek ur-jauziak bi zatitan banatzen ditu. Ur-jauzien zatirik handiena Kanadan dago eta duen forma makurragatik Horseshoe Falls (ferra ur-jauziak) izenez ezagutzen da. Ur-jauzi horrek 792 metroko luzera eta 48 metroko altuera du. Txikienak, berriz, 320 metroko diametroa eta 51 metroko altuera du. Bridal Veil Falls izeneko ur-jauzi txikiago bat Amerikako ur-jauzien ondoan dago.

Niagara ibaiko milaka tona ur isurtzen dira minutuero Niagarako ur-jauzietatik behera. Hala ere, ur kopurua ez da berdina eguneko eta urteko une desberdinetan; izan ere, ibaiko uraren zati bat ur-jauzien aurretik dauden tunel handi batzuetara desbideratzen da, eta tunel horiek aurrerago dauden energia elektrikoko instalazioetara eramaten dute ura. Han, ura ibaiaren alboetan dauden milaka lagunentzako elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Zentral elektrikoetara bidalitako ur kopurua egokitu egiten da egun bateko edo denboraldi jakin bateko elektrizitate beharrak asetzeko. Estatu Batuek eta Kanadak partekatzen dute Niagara ibaiaren eta ur-jauzien kontrola.

Milioika lagunek bisitatzen dituzte Niagarako ur-jauziak urtero. Behaketa plataformak eta parkeak daude ur-jauzien zati estatubatuar zein kanadarrean. Niagarako Estatu Parkea, 1885ean sortua, New York estatuko parkerik zaharrena da. Ur-jauziek akrobazia arriskutsuak egiten dituzten pertsona ausartak erakartzen dituzte, hala nola, ur-jauzien gainean soka fin baten gainean ibiltzen direnak edo upel baten barruan uretara salto egiten dutenak.