Vikidiatik

Perkusio-instrumentu

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Bateria izeneko perkusio-instrumentu ezaguna.

Perkusio-instrumentuak kolpeak joz soinua egiten duten musika-tresnak dira; kolpeak jotzeaz aparte, tresnak astinduz, igurtziz edo karrakatuz jotzen diren perkusio-instrumentuak daude. Musika-tresna hauek, normalean, erritmoak sortzeko erabiltzen dira.

Perkusio-tresna batzuek, xilofonoek edo marakek esaterako, atal edo osagai mugikorrak dituzte, astintzean soinua sortzen dutenak. Beste batzuek dardaratzen edo bibratzen duten piezak dituzte: horrelakoak dira kanpaiak, txindatak edo gongak.

Beste perkusio-tresna batzuek, berriz, halako larru tenkatu bat izaten dute, euskarri baten gainean, eta eskuaz edo makila batez jotzean soinua egiten dute; horrelakoak dira danborrak, atabalak, panderoak eta horrelakoak.

Txalapartariak.

Gizakiek milaka urte daramatzate perkusio-instrumentuak jotzen. Antzinako Ekialde Hurbilean, Mesopotamia eta Egipton adibidez, material oso sinpleak erabiltzen zituzten danborrak, kriskitinak eta krotaloak egiteko. Txina eta Vietnamen, harriak eta banbu-adarrak erabiltzen ziren soinu-zintzilikarioak egiteko; gong deritzanak, berriz, Asiako mendebaldean garatu ziren batez ere. Instrumentu horiek Afrika eta Europara zabaldu ziren, eta geroago baita Amerikara ere.

Gaur egun, antzina bezala, musika-saioetan eta zeremonia erlijiosoetan eta prozesioetan erabiltzen dira. Afrikako leku batzuetan, mezuak bidaltzeko ere erabiltzen ziren danborrak, haien soinua oso urrutira hel daitekeelako.

Euskal Herrian oraindik erabiltzen da txalaparta izeneko perkusio-tresna. Herri askotan, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zen inguruko jendeari jakinarazteko. Esan izan da milaka urte dituen tresna dela, baina hori ez dago frogatua. Euskal Herriko beste perkusio-tresna tradizional bat tobera izenekoa da: metro eta erdi luzerako burdinazko palanka edo hodi batzuk dira, metalezko makila batzuez jotzen direnak.

Danborrak eta beste perkusio-tresnak mota guztietako musiketan beste tresnei laguntzeko jotzen dira. Orkestra klasikoetan ere badaude hainbat perkusio-tresna ere, haize eta hari instrumentuekin batera.

Beste perkusio-tresna ezagun batzuk honako hauek dira: