Vikidiatik

Pila

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Tankera desberdineko bi pila.

Pila elektrikoek energia ematen diete linterna, irrati, telefono mugikor, joko portatil eta beste gailu askori. Pila bat edukiontzi moduko bat da, energia gordetzen duena, behar denean erabiltzeko. Produktu kimiko batzuk izaten dira pilaren barruan energia gordetzen dutenak. Pila erabiltzen denean, energia kimikoa energia elektriko bihurtzen da.

Nork asmatu zuen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alessandro Volta izeneko fisikari italiarrak asmatu zuen 1800ean. Larruzko eta zinkezko disko batzuk tarteka pilatuz eta ur gaziz bustitako kartoiaz banatuz lortu zuen elektrizitatea sortzea, energia kimikoa energia elektriko bihurtuz. Pila hitza, hain zuzen, voltaren tresna hartako osagaiak pilatuta zeudelako erabili zen.

Nola funtzionatzen dute pilek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilaren barruan metalezko bi pieza daude, likido edo pasta baten barruan. Pieza metalikoak elektrodo deitzen dira. Likidoa edo pasta hori elektrolito deitzen da, eta produktu kimikoen nahasketa da. Elektrodo bakoitzak puntu bat du, terminal deitzen dena, eta pilatik pixka bat ateratzen dena.

Pilak funtzionatzeko, terminalek kanpoko kable batekin konektaturik egon behar dute. Horrela egotean, elektrolitoaren barruko produktu kimikoek eragiten dute elektroiek elektrodo batetik bestera joatea (elektroiak atomoen atal batzuk dira). Elektroien fluxua korronte elektrikoa da. Korronte elektrikoa kablearen bitartez mugitzen da eta horri esker funtzionatzen dute linternek eta beste gailu elektronikoek.

Bateria motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko bi pila mota daude. Behin bakarrik erabil daitekeen pila “pila primario” deitzen da. Metalak edo elektrolitoak agortzen direnean, pilak ezin du elektrizitate gehiagorik sortu. Linterna, irrati edo jostailuetan erabiltzen diren pilak mota horretakoak dira.

Behin baino gehiagotan erabil daitekeen pila, berriz, “pila sekundario” deitzen da. Autoen bateriak eta batzuetan telefono mugikorretan eta tresneria medikoetan erabiltzen diren pilak sekundarioak dira. Pila sekundarioak beste iturri batetik eratorritako korronte elektrikoarekin birkargatu daitezke; adibidez, pertsona batek mugikor baten bateria birkargatu dezake paretako korronte-hargune bati esker.