Vikidiatik

Polo geografiko

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ipar Poloa.
Hego Poloa.

Polo geografikoak Lurrak (eta beste edozein planetak ere) dituen iparraldeko eta hegoaldeko muturrak dira. Euskaraz lurburuak ere deitzen zaie. Lurra etengabe jirabiran egoten da, eta jirabira horren ardatzak (errotazio-ardatzak) lurrazala ebakitzen duen lekuan kokatuta daude.

Planeta guztiek bi polo izaten dituzte. Lurraren kasuan, gure planetaren errepresentazioan bereizten ditugun meridiano guztiek bat egiten duten lekuak direla ere esan daiteke; izan ere, meridiano guztiek bi puntutan bat egiten dute:

Zer da Lurraren errotazio-ardatza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imajinatu lerro bat marraztu ahalko genukeela bi poloak batzeko Lurraren barrutik mutur batetik bestera; bada, marra edo lerro hori da Lurraren errotazio-ardatza. Lurrak ardatz horren inguruan egiten du jirabira.

Polo geografikoak eta polo magnetikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latitudeak eta longitudeak erabiltzen dituen sistema geografikoan, longitudea adierazten duten marra guztiak (meridianoak, alegia) Ipar Polotik eta Hego Polotik igarotzen dira edo bertan batzen dira. Puntu horiek dira Lurreko polo geografikoak. Ipar Poloa 90°-ko ipar-longitudean dago, eta Hego Poloa, berriz, 90°-ko hego-latitudean.

Baina iparrorratz bat erabiltzen dugunean, horrek seinalatzen duen iparra ez dator oso-osorik bat Lurreko polo geografikoekin; iparrorratzak adierazten digun ipar horri Ipar Polo magnetikoa deitzen diogu, eta, esan bezala, Ipar Polo magnetiko hori ez dago Ipar Polo geografikoaren leku berberean, Kanadako iparraldean baizik.

Gauza berbera gertatzen da Hego Polo magnetikoarekin ere. Hau, gaur egun, Antartidaren ekialdean dago, Australiaren azpiko Ozeano Australaren alderantz.

Gainera, Lurreko bi polo magnetikoak ez dira beti leku berean egoten; oso poliki mugitzen dira, gutxi gorabehera urtero 55 edo 60 km, Lurraren nukleoan izandako aldaketa magnetikoen eraginez. Hori dela eta, haien kokapena desberdina izan da Lurraren historian zehar. Hori dela bide, iparrizarra, iparraldea non dagoen markatzen digun izarra ez da beti izan iparra seinalatzen zuena; beste izar batek seinalatzen zuen. Izan ere, Lurraren errotazio-ardatza aldatu egiten da 26.000 urtean behin, gutxi gorabehera; horren ondorioz, ardatz horren gain-gaineko puntua ere aldatzen da denborarekin. Horregatik, Lurraren historian zehar, asko izan dira iparra seinalatu duten izarrak; eta etorkizunean ere, beste izar bat izango da. Adibidez, badakigu duela ia 5000 urte, Egiptoko piramideak eraiki ziren garaian, Thuban izeneko izarra zela iparretik gertuen zegoena; eta gutxi gorabehera 2.000. urte barru, aldiz, Cephei izeneko izarra izango da iparrizarra beste 2.000 urtez.