Vikidiatik

Skopje

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Erdialdeko kale bat.

Skopje Europako hego-ekialdean dagoen hiri bat da, bai eta Mazedonia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2015eko datuen arabera, 570.000 biztanle inguru ditu, herrialde osoko ia heren bat (bertako hiru biztanletik bat bizi da, beraz, hiri honetan). Mazedoniako gobernua eta legebiltzarra hiri honetan kokatuta daude.

Mazedoniako hiririk garrantzitsuena da herrialdeko ekonomia, industria, kultura eta hezkuntzarako. Elikagaiak, produktu kimikoak eta botikak egiten dituzte hango enpresarik handienek; dena dela, enpresa gehienak ez dira oso handiak. Herrietako jende askok lan egiten du hirian eta gero eta gehiago ari dira herrietatik joaten hiri honetan bizitzera; baita Kosovo, Albania eta Serbiako hegoaldetik ere. Hala ere, lanik ez duten biztanle asko ere badaude: 2009. urtean, biztanleen %27 langabezian zegoen, hau da, ez zuten lanik.

Vardar izeneko ibaia igarotzen da hiri honetatik. Zubi asko daude, eta haien artean ospetsuena "Kamen Most" izenekoa da; XV. mendean eraiki zen, herrialde hau otomandarren inperioaren mende zegoen garaian.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru hauetan, neolito garaiko gizakien aztarnak daude, duela 6.000 urte ingurukoak; hainbat herri desberdin igaro dira lur hauetatik. Haien artean, erromatarrak. Garai horietako antzoki bat, akueduktu bat, Venus jainkosaren estatua bat eta beste objektu zahar asko aurkitu dira bertan.

Hiria eta inguruko lurrak beste inperio batzuen esku egon dira historian zehar; Bulgariako inperioaren mende XI. mendera arte, Bizantzioko inperioaren mende XIV. mendearen bukaera arte, eta otomandarren inperioaren mende XX. mende hasiera arte.

XX. mendean, Serbiaren eta Yugoslaviaren esku egon zen, Mazedoniak 1991n bere independentzia lortu zuen arte.

1963an, lurrikara handi bat gertatu zen eta 1.000 lagunetik gora hil ziren hirian; hiriko alde zaharra ia osorik hondatuta geratu zen eta etxeen laurdena inguru erori zen. Hiria berreraikitzeko lan handiak egin behar izan ziren.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoarentzako leku interesgarri batzuk baditu hiriak, haien artean:

  • Akueduktu erromatarra: VI. mendean eraikitzen hasi zen eta XVIII. mendera arte funtzionatu zuen. Baina gaur egun 386 metro eta b55 arku besterik ez dira geratzen, hiritik 2 kilometrora.
  • Skopjeko gotorlekua: Erdi aroko gaztelu bat da, baina, dirudienez, VI. mendean eraiki zen lehendabiziko gaztelu bat, Bizantzioko Justiniano I.a enperadorearen garaikoa. Gaur egungo gotorlekua, beraz, gaztelu horren gainean eraiki omen zen.
  • Mustafa Paxaren meskita: 1492an eraikia; eraiki zenean bezala kontserbatzen da.
  • San Pantaleonen eliza: XII. mendeko eliza bizantziarra, monasterio batean kokatua. Fresko interesgarri batzuk ditu.
  • Mazedoniako Arkeologia Museoa: 2014an ireki zen eta Mazedonian topatutako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak gordetzen ditu.