Vikidiatik

Suziri

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Apollo 15 suziriaren jaurtiketaren bideoa.

Suziriak airean igotzeko eta atmosferan altuera izugarrietara heltzeko indarra edo bultzada sortzen duten gailuak dira. Nagusiki espazio-ontziak jaurtitzeko eta astronautak edo sateliteak espaziora eramateko erabiltzen dira.

Suziri hitza erabiltzen da, bestalde, su artifizialentzat ere. Batzuetan, suziriak misilak ere deitzen dira, baina hitz hori normalean artefaktu militarrak izendatzeko erabiltzen da, nagusiki lehergailuak dituztenak.

Nola funtzionatzen dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suziriek zilindro forma luzexka dute, punta batekin goialdean eta ibilbidea egonkortzeko hego laburrekin behealdean. Goiko atalaren aurrealdean soilik dago garraiatu behar dena (astronautak, satelitea edo dena delakoa). Gainerako ataletan, erregai-tanga eta propultsio-motorra egoten dira. Erregai hori oxigenoarekin nahasi eta erre egiten da, hegan egiteko energia sortzeko. Erregaia erretzean, suziriak gas beroa kanporatzen du atzealdetik oso abiadura handian, eta atzerantz irteten den gasak suziriari airean altxatzeko propultsio edo bultzada ematen dio.

Suziri bat espaziora bidaltzean, suziriaren atal batzuk askatu ohi dira, erregaia erretzen den neurrian; beraz, suziria gero eta laburragoa da, beharrezkoa ez den pisua etengabe ez eramateko. Suziri batzuek, hala ere, ez dute erregai guztia erretzen, gainerakoa Lurrera kontrolpean bueltatzeko erabiltzen da. Baina bueltatzen den atala suziriaren goiko aldean dagoen ibilgailua da, kapsula espaziala deritzona. Kapsula espazial honetan, astronautek bidaiatzen dute.

Suzirien historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antza denez, suziriak Txinan asmatu ziren XIII. mendean, arma modura erabiltzeko; suziri horiek bolboraz beteta zeuden banbuzko ontziez eginda zeuden. Geroago, metalez egiten hasi ziren.

Gerrarako suziriak XVIII eta XIX. mendeetan erabiltzen hasi ziren.

XIX. mendearen amaieran, Konstantin E. Tsiolkovsky deituriko zientzialari errusiar batek suziriak espaziora bidaiatzeko erabili ahal zirela pentsatu zuen. Zientzialari honek ez zuen suziririk eraiki, baina haren ideia erabilgarria izan zen beste batzuentzat. Robert H. Goddard estatubatuar ingeniariak, erregai likidoz beteriko lehenengo suziria eraiki zuen 1925ean. 1957ko urrian, Sobietar Batasunak suziri bat erabili zuen lehenengo espazio-ontzia jaurtitzeko, Sputnik 1 izeneko satelitea, lurra inguratu edo orbitatu zuena hainbat aldiz. Handik aurrera, beste milaka gailu espaziora bidaltzeko erabili dira suziriak.