Teleskopio

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Harvard Unibertsitatearen behatokiko teleskopio zaharra.

Teleskopioa urruti dauden gauzak hurbilago bezala ikusteko erabiltzen den tresna optiko bat da. Hitza, izan ere, grezierazko "tele" (urruti) eta "skopein" (begiratu" hitzez osatuta dago. Astronomoek Ilargia, planetak eta izarrak edo galaxiak ikusteko ere erabiltzen dituzte; gaur egun, Hubble izenekoa da astronomoek erabiltzen duten indartsuenetakoa.

Lehenagoko garaietan, teleskopioak itsasontzietan erabiltzen ziren batez ere; gaur egun, berriz, animaliak, txoriak, paisaiak edo zerua ikusteko erabiltzen ditu jendeak.

Ez dago garbi tresna hau nork asmatu zuen, baina lehen teleskopioak XVII. mendearen hasieran agertu ziren eta oso azkar zabaldu ziren Europa guztian. Galileo Galilei astronomoak haren berri izan zuen eta 1609an bat egin eta zeruko astro edo argizagiak ikusteko erabili zuen.

Nola funtzionatzen du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teleskopioak argia jaso eta puntu batera zuzentzen du; batzuek ispilu kurbatuak erabiltzen dituzte horretarako, eta beste batzuek leihar edo lente kurbatuak. Horien bidez, gauzak diren baino handi eta hurbilagoak dirudite. Teleskopio hauek, beraz, ikus dezakegun argia jasotzen dute; baina badira beste batzuk argi "ikusezina" jasotzen dutenak, argiaren izpi infragorriak jasotzen dituztelako. Azkenik, beste teleskopio batzuek irrati-uhinak erabiltzen dituzte, adibidez galaxia urrunak ikusi ahal izateko edota halako planeta bat zer materialez eginda dagoen jakiteko; teleskopio hauek ez dira optikoak, ez dituztelako ispilu edo lenteak erabiltzen. Plater oso handien itxura duten irrati-antenak izaten dira.

Espaziotik iristen diren erradiazio asko, ordea, Lurreko atmosferak aldarazten ditu, eta horregatik gaur egun badaude teleskopio batzuk espazioan, Lurraren orbitan, datuak behatoki astronomikoetara bidaltzen dituztenak.