Vikidiatik

Teoria zientifiko

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Plaken tektonikaren teoriako irudia.

Teoria zientifiko batek gauzak zergatik funtzionatzen duten edo nola gertatzen diren azaltzen du. Zientzialariek inguruan duten mundua aztertzen dute. Azterketa horietan oinarrituta teoriak garatzen dituzte. Teoriak frogatu ahal diren ideietan oinarritzen dira; ez dira iritzi hutsak, eta ez dira sinesmenetan oinarritzen, behaketa eta frogetan baizik.

Zientzialariek zenbait metodo erabiltzen dituzte teoria bat garatzeko. Azter dezakete orain zerbaitek duen forma eta forma hori izatera nola heldu den. Eredu edo antzekotasunak hauteman ditzakete zenbait gauza ikusten edo portatzen diren forman.

Teoria zientifiko bat eta zientzia-lege bat ez dira gauza bera. Alde batetik, zientzia-legeak laburpen edo adierazpenak dira. Laburpen eta adierazpen horiek behaketa-sorta handia eta saiakuntza edo esperimentuen emaitzak deskribatzen dituzte. Bestalde, teoria zientifikoek behaketak eta emaitzak azaltzen dituzte. Hau da, legeek gertatzen dena deskribatzen dute eta teoriek gauzak zergatik gertatzen diren azaltzen dute.

Zenbaitetan teoria batek galdera arrunt bati baino gehiagori erantzungo die. Gauza asko azalduko ditu.

Hona hemen horren adibide bat: Plaken tektonikaren teoria. Teoria horrek mendiak nola sortzen diren azaltzen du, baita animalia batzuk munduko gune txiki batean bakarrik zergatik dauden ere. Zientzialariek mapak ikusita konturatu ziren Lurreko kontinente batzuk ahokatzeko (gauza bat edo haren zati bat beste baten hutsune batean sartu) forma dutela ozeano batengatik bananduta dauden arren. Arroka-mota berdinak ahokatzen diren kontinenteetan daudela ere nabaritu zuten. Plaken tektonikaren teoria garatu zuten, aurreko behaketa guztiak azaltzeko.