Vikidia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Vikidia wiki entziklopedia-proiektu bat da, 8 eta 13 urte bitarteko umeentzat pentsatua, baina ez bakarrik irakurle edo erabiltzaileak izateko, baizik baita parte hartzaile eta artikulugileak izateko ere. Webgune hau ez dago loturik Wikipedia bultzatzen duen Wikimedia Fundazioarekin. Jatorrizko Vikidia proiektua Frantzian sortu zen, eta 2006ko azaroan jarri zen martxan.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia proiektua Wikipedia Junior izeneko wiki entziklopedia bat sortzeko asmoan du jatorria. Frantsesezko Wikipedia Junior horretan, Wikipediako artikulu bilduma bat hartu eta umeentzako CD-ROM batean argitaratu nahi zen. Azkar ikusi zen, ordea, artikuluak adin-tarte horretarako egokiak eta baliagarriak izango baziren, moldaketa dexentekoak egin beharko zirela, bai artikuluen luze-laburrari dagokionez, baita erabilitako hizkuntza-mailari dagokionez ere. Gainera, bultzatzaileek garbi zuten umeen beraien partaidetza ere interesgarria izango zela; hau da, umeek aukera izan behar zutela artikuluak egiteko ere, ez bakarrik irakurtzeko. Hori, irakasleen laguntzarekin errazagoa izango zela pentsatu zen, eskolako lan edo jarduera osagarri modura. Horregatik guztiagatik, aparteko wiki bat egitea erabaki zen.

Garai hartan Wikipedia Fundazioaren barruan hori egitea posible ez zenez gero, Mathias Damour (Astirmays) izeneko wikizale batek zabaldu zuen Vikidia 2006ko azaroaren 17an, aurreko proiektuari buruzko eztabaidetan parte hartu zuten beste wikizaleen laguntzaz.

Vikidiaren oinarrizko ideiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Vikidia 8 eta 13 urteko umeentzako on-line entziklopedia bat da, librea eta erabiltzaileen parte hartzera irekia.
  • Edonork (ume, ikasle, irakasle, helduek) idatzi edo hobetu ahal dituzte entziklopediako artikuluak, bai testua bera, bai artikuluen itxura ere (argazkiak, diagramak, etab.).

Zenbat eta parte hartzaile edo kolaboratzaile gehiago egon, orduan eta azkarrago lortuko dugu entziklopedia aberats bat euskal ume eta gaztetxoentzat.

  • Vikidian idazten dena mundu guztiak irakur dezake: irakurleek beren egiten dute Vikidia.
  • Vikidian, ume eta gaztetxoentzat ulergarria den hizkuntza erabili nahi dugu, 8 eta 13 urte bitarteko umeen mailara egokituta, eta, nagusiki, eskolako beharrei begira. Izan ere, adin horretako umeen kolaborazioa nahi dugu!
  • Interneten oso erraza da informazioak aurkitzea Vikidiari gehitzeko; baina, kontuz! Ez kopiatu egile-eskubideak dituen testurik edo irudirik! Hobe da testuak norbere kasa moldatzea, norbere modura adierazteko, modu sinple eta argia bilatuz. Ikasleek, banaka edo taldeka, irakasleen laguntzarekin, parte har dezakete artikuluak idazten eta eransten, argazkiak gehitzen, eta poliki-poliki ikasiko dute horretarako behar diren tresnak erabiltzen.
  1. Vikidia proiektua beste hizkuntza batzuetan ere badago: frantsesez, gaztelaniaz, italieraz, errusieraz, ingelesez eta katalanez, besteak beste.
  2. Ikasleek euren eskolako lanetarako erabil dezakete Vikidia, eguzkiari buruzko datuak ezagutzeko edo Jesús Guridi nor zen jakiteko. Vikidian idatziz, ikasleek hobeto ulertuko dituzte informazioak, eta euren euskara hobetzea ere lortuko dute.
  3. Vikidia ez da inoiz amaitzen! Beti egongo da zer hobetua, zer erantsia, zer zuzendua. Artikulu berriak beharko ditugu, informazioak gehitu... Denon artean lortuko dugu entziklopedia hau aberastea!

Norentzat da Vikidia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia umeentzat eta (hau da gure asmoa) umeek berek idatzitako entziklopedia bat da. Wikipediak duen funtzionamendu berbera du, arau berberak eta antolaketa berbera.

Artikuluak idatzi nahi dituztenek argi eduki behar dute 8 eta 13 urte bitarteko umeen euskara eta ulermen mailara egokitutako testuak nahi ditugula. Horrek ez du esan nahi beste edonork erabili ezin duenik Vikidia gai bati buruzko azalpen sinple bat eskuratzeko. Vikidiako artikulu bat oso lagungarria izan daiteke, Wikipediako artikulua luzeegia edo zailegia bada.

Nork egiten du Vikidia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nornahik parte har dezake Vikidia eraikitzeko lanetan, baina arauak errespetatuz beti ere. Horretarako, beharrezkoa da kontua irekitzea. Hasieratik bertatik, bultzatzaileek asmo garbia erakutsi dute eskola-komunitatearen partaidetza bilatzeko, eta, horregatik, gure eskoletako ikasle eta irakasleei dei egiten diegu proiektu hau handitzen eta hobetzen laguntzeko, artikuluak idatziz, osatuz, zuzenduz eta, beti ere, hobetuz. Izan ere, Vikidian ez dago kontu desberdinik partaideen adinaren arabera: kontua irekitzean, adina ez da eskatu ere egiten! Eta, gainera, partaide bihurtzea oso erraza da. Partaidetza jarraitua izateko asmoa dutenek aukera dute, orobat, euren erabiltzaile-orrialde pertsonala ere irekitzeko, kontua irekitzean eman duten izen edo goitizena erabiliz, beraiei buruz nahi dituzten datuak edo informazioa emateko; adibidez, eskola bateko ikasle-talde bat baldin bada, zein mailatakoak zareten esan dezakezue, nongo eskolan zaudeten, etab.

Frantsesezko Vikidia bultzatu dutenak Wikipediako kolaboratzaileak ziren lehendik ere, baina, orain, izena emanda dauden gehienak eskolume gazteak dira. Ea lortzen dugun hori bera euskarazko bertsioan ere! Aukera asko dauzkazue: artikuluak idatzi, noski; baina baita zuzendu ere, daturen bat gaizki badago edota ortografia edo sintaxia ez bada oso ona; edukia egiaztatu; irudiak txertatu... Bakoitzak dakiena.

Vikidiaren sorrera-printzipioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidiari dagozkion arau eta gomendioak bost printzipio edo abiapuntu nagusitan oinarrituta daude:

  1. Entziklopedismoa: Vikidia 8-13 urte bitarteko umeentzako euskarazko entziklopedia proiektu bat da. Ez da blog bat, ez aldizkari bat, ezta norbere ideia bereziak argitaratzeko lekua, baizik eta hainbat esparrutako jakintza eta ezagutzak pilatzeko eta eskaintzeko webgune bat. Bertan argitaratu nahi diren artikuluek egokiak izan behar dute 8-13 urte bitarteko ume eta gazteentzat, bai erabilitako hizkuntza-mailari dagokionez, baita informazioa eskaintzeko moduari dagokionez ere. Ezin da argitaratu adin horietarako desegokia edo ez-gomendagarria den inolako materialik: horrelako materialen bat agertuz gero, ezabatu egingo da.
  2. Neutraltasuna: Vikidiak gai bakoitzari buruzko ikuspuntu neutroa nahi du; hots, argi erakutsi behar da gai horrek zer duen garrantzitsua. Gaiari buruzko iritzi desberdinak egonez gero, ondo azaldu eta oinarritu behar dira, besteek argi eta garbi uler dezaten.
  3. Askatasuna: Vikidia mundu ororentzat dago zabalik. Edukiari dagokionez: testua edonork erabil dezake (baina testu horiek GFDL Dokumentazio Librearen Lizentzia eduki behar dute; hots, erabilera askekoak izan behar dute) kopiatzeko, aldatzeko edo banatzeko, lizentziaren arauak beteaz. Kopia horiek (aldatuta egon edo ez) lizentzia berbera eduki behar dute eta jatorrizko egileak aipatu behar dituzte. Inork ez du artikulu jakin baten kontrola; beraz, Vikidiara ekarritako testu guzti-guztiak aldatu edo hedatu egin daitezke, Vikidia komunitateari ezer jakinarazi beharrik gabe. Nolanahi ere, parte hartze libre edo askea izateak ez du esan nahi edozer gauza idatz daitekeenik. Parte hartzeari dagokionez: nornahik parte har dezake proiektu honetan, inolako afin-mugarik gabe.
  4. Errespetua: partaideek elkar errespetatu behar dute, baita desakordioren bat dutenean ere. Ez sartu testu-borroka zentzugabe batean: zenbatnahi artikulu egin daitezke gai berberari buruz; gainera, eztabaidarako aukera ere badago. Joka ezazue zintzoki, eta pentsatu besteek ere zintzoki jokatzen dutela, bestela frogatzen ez den bitartean. Ez erabili beste kontu bat arauen gainetik salto egiteko eta ez betetzeko. Saia zaitezte asmo onez jokatzen.
  5. Malgutasuna: Ez bilatu hasieratik bertatik artikulu biribil bat egitea, artikulu perfektu bat alegia. Ekarpen bat egiteko, ez da beharrezkoa ezta arau guztiak ezagutzea ere. Zerbait gaizki egiten bada, beste norbaitek konturatu eta zuzendu egin dezake. Bestalde, artikulu bakoitzaren historiala, edo, bestela esanda, aurreko bertsio guztiak, gordeta geratzen dira; beraz, oharkabean zerbait garrantzitsua ezabatzen badugu, berreskuratzeko arazorik ez dago. Baina, ondo-ondo gogoratu: idazten dugun guzti-guztia betiko gordeta geratuko da hemen!

Vikidiaren arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia elkarlanean oinarritutako proiektua da, partaide gehienek partekatzen duten helburu komun batekin.

Partaideek eskola-talde baten barruan edo bakoitzak bere aldetik esku har dezakete proiektuan; bakoitzak nahi duen moduan lagundu dezake entziklopedia hau osatzen; hala ere, gutako gehienok, Wikipedian bezala, argi dugu zein den proiektu honen helburu komuna: 8-13 urte bitarteko umeentzako euskarazko entziklopedia libre bat sortzea, ahalik eta osoena, erabilerraza eta ulerterraza, erabiltzeko atsegina. Denok nahi dugu euskal Vikidia egiazko informazio-iturri ona izatea.

Horretarako, elkarlanean aritzea erraztuko duten arau batzuk eduki beharra dago, proiektu honen helburua lortu ahal izateko, ahalik eta eztabaida eta ika-mikarik gutxienekin. Hori dela eta, proiektuan parte hartu nahi dutenek halako arau batzuk errespetatu behar dituzte, Wikipedian egiten den bezala.

Hona hemen:

Vikidia entziklopedia bat da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia jakintza zientifikoaren entziklopedia bat da. Ohiko entziklopedietan aurkitzeko moduko artikuluak nahi dira: Vikidia ez da hiztegi bat, blog bat, eztabaida-foro bat edo antzeko zerbait. Eztabaida-orriak artikuluei buruz aritzeko erabili behar dira, artikulu horien edukia hobetzeko.

Jabetza intelektuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidiako artikuluak Creative Commons (CC-BY-SA 3.0) lizentziapean eta GNU lizentziapean argitaratzen dira; hots, artikulugileek baimena ematen dute artikuluak edonork kopiatu eta erabiltzeko. Erabilera askeko edukiak baino ez daude onartuta. Interneten aurki daitezkeen testu eta irudi gehienek jabea dute eta ezin dira libreki erabili. Horixe bera gertatzen da liburu gehienekin (baita liburu horiek erosi badituzu, non eta ez diren oso liburu zaharrak). Hortaz, debekatuta dago testuak kopiatzea Vikidiako artikuluak idazteko; hori eginez gero, ahalik eta azkarren ezabatuko dira, eta halako jokamoldea sarri erakusten duen kontua blokeatu egingo da. Wikipedian aurkitzen diren irudiak erabiltzeko arazorik ez dago; baina ez dugu nahi Wikipediatik ateratako artikuluak kopiatzea. Kasu askotan, gainera, Wikipediako artikuluak ez daude idatzita 8-13 urte bitarteko umeen euskara eta ulermen mailaren arabera, hori izanik Vikidia proiektuaren abiapuntu nagusia. Bai har daiteke Wikipediako artikulu bat eta Vikidia proiektuaren helburuaren arabera moldatu, egokituz, laburtuz eta berridatziz.

Legezkotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legeetan jasota dauden printzipio nagusiak indarrean daude proiektu honetan, eta zorrotz errespetatu behar dira. Bereziki, guztiz debekatuta daude difamazioa eta gorroto arrazista edo bestelakoaren erakustaldiak.

Inpartzialtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidian artikulu neutroak nahi ditugu. Helburua ez da norbere iritzi partikularra ematea halako gai jakin bati buruz, gai hori modurik zehatzenean eta zuzentasunik handienarekin aurkeztea baizik. Neutroa izateak esan nahi du ezen, halako gai bati buruz iritzi desberdinak badaude (mundu guztia ez badago ados gai horretaz), iritzi desberdin horiek eta haien arrazoiketa aurkeztu behar direla.

Idazketa koletiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu guztiak kolektiboki idatzita daude: alegia, zuk idazten duzun artikulua ez da zurea bakarrik; beste edonork aldatu dezake. Edonork zuzendu edo zabal ditzake beste norbaitek idatzitako artikuluak. Eta norbaitek zuk idatzitako artikulu bat hondatzen, kaltetzen edo zati batean ezabatzen badu, arazorik ez dago aurreko bertsioak berreskuratzeko, orrialdearen historialaren bidez. Artikuluak ez dira sinatzen; ordainetan, orrialdearen historian argi eta garbi ikus daiteke nork parte hartu duen artikulu bakoitzaren osaketan eta zer aldaketa sartu dizkion.

Partaideekiko errespetua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partaide bakoitzak bere iritzia du, bakoitzak bere pentsamoldea. Elkar errespetatuz gero, errazago izango da Vikidia on bat lortzea, denontzat erabilgarria. Beraz, eztabaidarako dauden orrietan, ez izan zakarra: azaldu zure iritzia eta saia zaitez gauzak hobetzen, ez hondatzen ez eta inoren ekarpena gutxiesten edo hondatzen; are gutxiago, inori hitzez erasotzen. Asmo txarrez jokatuz gero, zaila izango da beste Vikidiazaleen errespetua eta begirunea lortzea.

Hizkuntza eta eduki egokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikuluetako edukia 8 eta 13 urte bitarteko umeentzat egokia izatea nahi dugu; alegia:

  • Euskara zuzen baina irakurterrazean idatzi. Hala ere, adi ortografiarekin. Artikulu bat irakurtzean akatsen bat aurkitzen baduzu, zuzendu.
  • Azalpen argi eta ulergarriak ipini.
  • Artikuluek ez dute luzeegiak izan behar. Adin horretako umeek eskola beharretarako behar duten informazioa aski da.
  • Ez da onartuko adin tarte horretarako desegokia den artikulurik.