Vikidiatik

Volga

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Volga ibaiaren mapa.

Volga Europako ibairik luzeena da. Errusiako mendebaldean du sorburua eta Kaspiar itsasoraino iristen da, Errusiako mendebaldetik irten gabe. 3.700 kilometro baino gehiago ditu. Volgak garrantzi handia izan du errusiar herriaren bizitzan; horregatik, Errusian Ama Volga deitzen zaio.

Volga Valdaiko mendixketan jaiotzen da, Moskutik ipar-mendebaldera. Batez ere hegoalderantz isurtzen ditu bere urak, Kaspiar itsasora iritsi arte. Dena dela, hainbat kanal eta ibairen bidez konektatuta dago Itsaso Baltikoarekin, Itsaso Zuriarekin, Azoveko itsasoarekin eta Itsaso Beltzarekin.

Volgak urtzen den elurretik jasotzen du bere uraren % 60 inguru, eta, gainerakoa, lurrazpiko iturrietatik eta euritik. Ibai honek uholde handiak eragiten zituen udaberrian; gaur egun, berriz, presa eta laku artifizial edo urtegi asko eraiki dira ibaiko ura biltzeko; horrela, askoz uholde gutxiago gertatzen dira.

Volga garrantzitsua da Errusiako ekonomiarentzat. Batetik, urtegietako zentral elektrikoek ibaia erabiltzen dute elektrizitatea sortzeko; bestetik, ontzi-garraio handia dago ibai honetan: Volgatik ibiltzen diren ontziek, adibidez, Errusian garraiatutako salgaien erdia baino gehiago garraiatzen dute; azkenik, bidaiari-ontzi askok ere Volga erabiltzen dute garraiobide gisa eta baita turismorako ere.

Argazki batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]