Aho

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Fitxategi:Illu mouth new eu.svg
Giza ahoaren anatomia.

Ahoa digestio-aparatuaren sarrera edo irekiera da; animalia gehienek gorputz-atal horretatik sartzen dituzte elikagaiak; ahoan mastekatzen da janaria, digestioaren lehen fasean, aho-fasean alegia. Gizakiek eta beste animalia askok buruan dute ahoa.

Bestalde, ahoaren bidez ura edan dezakegu, eta baita airea gorputzean sartu ere, sudurretik bezala. Sudurretik arnastea onuragarria da airea hezetzen delako. Hala ere, sudurra itxita egon daiteke, adibidez, hotzeria harrapatu dugulako eta marrantatuta gaudelako, eta orduan ahotik bakarrik har dezakegu arnasa.

Gizakiok hitz egiteko ere erabiltzen dugu ahoa, bai eta emozioak adierazteko ere aurpegiko keinuen bidez (irribarreak etab.). Animalia batzuek soinuak sortzeko erabiltzen dute, eta horrela, adibidez, beste animalia batzuk mehatxatzen dituzte. Dena den, soinuak ez dira ahoan sortzen, aldatu besterik ez dira egiten bertan; soinuak eztarrian sortzen dira.

Animalia askok mihi edo mingaina kanpora ateraz freskatzen dute gorputza, ezin direlako izerditu. Horixe da, adibidez, txakurrek egiten dutena.

Gizakien ahoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza ahoak zenbait atal ditu. Ezpainek ahoaren kanpoaldea inguratzen dute. Masailek ahoaren aldeak edota paretak osatzen dituzte, beheko aldea aho-zola da, eta goialdekoa ahosabaia. Ahosabaiak bi zati ditu: aurrealdea haragiz estalitako hezur batez osatuta dago; atzealdea, berriz, haragi biguna besterik ez da. Ahoaren atzealdean, sabaitik zintzilik, aho-gingila dago, haragizko luzakin bat.

Ezpainen atzean, bi hortz ilara edo multzo daude, ahoaren goialde eta behealdean, masailezurren gainean. Gizakiok elikagaiak mastekatzeko erabiltzen ditugu hortzak. Hortzoiek hotzak inguratzen eta masailezurrera konektatzen dituzte.

Ahoaren barnealdean, muskulu bat dugu, mihia, mastekatzean elikagaiak kontrolatzeko; gainera, mihiak hitz egin ahal izateko soinuak egiten laguntzen digu. Bestalde, mihian dastamen-papilak ditugu, elikagaien zaporea bereizteko.

Ahoak listua deitutako likido bat jariatzen du; ahoa heze edukitzeko eta elikagaien digestioa errazteko balio du. Listua ahoaren behealdean eta masailetan ditugun tutu edo guruin batzuek sortzen dute.

Beste animalia batzuen ahoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien ahoek forma eta egitura ezberdin asko dituzte. Aho mota ezberdin horiek bereziki egokituta daude animalia bakoitzak jaten dituen elikagaietarako; adibidez, hartz inurrijaleek aho txikiak dituzte, tutu itxurakoak eta hortzik gabekoak, bai eta mihi bat oso luzea, inurritegiko zuloetatik sartu eta inurriak mihi itsaskorrean harrapatzeko. Hegaztiek, ordea, moko gogor bat dute aho inguruan. Intsektuek, berriz, ahoaren ondoan pieza berezi batzuk dituzte, mastekatzean eta elikagaiak beren lekuan edukitzen laguntzeko. Pinpilinpauxek eta sitsek tutu itxurako aho-atalak dituzte elikagaia xurgatzeko.