Ahots-kordak

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ahots-korden marrazkia.
Ahots-kordak zabalik, arnasteko; itxita, hitz egiteko.

Ahots-kordak gizakiok laringean ditugun haragizko tolesdura edo mintz batzuk dira, giza ahotsa sortzeko balio dutenak. Ahots-kordak mugitu egiten dira —bibratu egiten dutela esaten da— biriketatik trakean barrena irteten den airearen eraginez, eta bibrazio horrek sortzen ditu soinuak. Ahotsa, beraz, kordek airearen eraginez mugitzean sortzen duten soinu berezia da.

Kordak lasaitzen eta luzatzen direnean, hots baxuak (grabeak) sortzen dira; aldiz, tenkatzen edo laburtzen direnean, tonu altuak (agudoak) ateratzen dira.

Gizonezkoek ahots-korda luzeagoak eta lodiagoak dituzte, (17 eta 25 mm bitartekoak); horregatik, emakumeek baino ahots-tonu baxuagoa izaten dute (emakumeen ahots-kordek 12 eta 17 mm bitartean dituzte). Umeek ere ahots-korda txikiagoak dituzte, eta horregatik dute ahots zorrotzagoa. Hala ere, 12-13 urtetik aurrera, nerabezaroan alegia, umeen laringearen eta ahots-korden luzera handitu egiten da, eta, ondorioz, ahotsa aldatu egiten zaie.

Hitz egiten dugunean edo jaten dugunean, ahots-kordak itxita egoten dira —bibrazioaren eraginez uzten diote pasatzen aireari, eta horrela sortzen da soinua—; arnasa hartzean, aldiz, zabalik egoten dira.