Vikidiatik

Airearen kutsadura

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Pekin hiria, kutsadurarik gabe eta kutsadurarekin.

Airearen kutsadura gas toxikoak (karbono dioxidoa, adibidez) eta beste substantzia kaltegarri batzuk atmosferara botatzen direnean gertatzen da; horregatik, atmosferaren kutsaduraz ere hitz egiten da.

Airearen kutsadura oso kaltegarria da izaki bizidunentzat eta ingurumenarentzat: gaixotasunak eragin ditzake, hala nola minbizia eta asma, eta euri azidoa ere eragin dezake. Euri kutsatu horrek lurzorua eta landare-espezieak kaltetzen ditu, eta ondorioz, baita landare horiez elikatzen diren izaki bizidun asko ere. Airearen kutsadura berotze globalaren arrazoietako bat ere izan daiteke, hau da, Lurraren batez besteko tenperatura etengabe igotzearen arrazoietako bat. Azkenik, airearen kutsadurak ozono-geruza deritzon atmosferaren zati bat kaltetzen du; ozono-geruza hori garrantzitsua da, Lurra Eguzkiaren erradiazio kaltegarrietatik babesten baitu.

Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, 2 milioi pertsona inguru hil daitezke atmosferaren kutsadurari lotutako arrazoiengatik. Atmosferaren kutsadura, beste kutsadura mota batzuk bezala, ohikoagoa da garatu gabeko herrialdeetan.

Zerk eragiten du airearen kutsadura?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, airea arrazoi naturalengatik zikindu edo kutsa daiteke, adibidez, sumendien erupzioek edo sute handiek eragindako kearen ondorioz. Hala ere, gaur egungo munduan, atmosferaren kutsaduraren zatirik handiena giza jardueratik dator, eta zehazki, erregai fosilen erabileratik, alegia, ikatzetik, petroliotik eta gas naturaletik.


Fabrikek, zentral elektrikoek, garraio-ibilgailuek eta eraikinetako berokuntza-sistemek erregai horiek erretzen dituzte energia lortzeko. Erregai fosilak erretzean, partikula solidoak aska ditzake airera, esaterako errautsa eta kedarra, baita gas kaltegarriak ere. Hirietako aireak zikina dirudienean, kutsadura mota honen erruz izaten da.

Basogabetzeak edo basoen galerak ere eragiten du airearen kutsadura. Basoek karbono dioxidoa (gas kaltegarria) kontsumitu eta oxigenoa sortzen dute, izaki bizidun guztientzat ezinbestekoa dena. Horregatik, basoen zati handiak erre edo moztean, gas kaltegarri gutxiago xurgatu eta oxigeno gutxiago sortuko dute, eta kutsadura handiagoa izango da.